Jakin badakigu antsietatea egoera emozionala dela, tentsio- eta urduritasun-sentimenduak nahasten dituena. Oro har, egoera estresagarrien aurreko erreakzio emozional konplexua islatzen du antsietateak; mundu-mailan milaka pertsonak du antsietatea, eta gaur egun bizi dugun pandemia-garaiak hura areagotzen du. Adibidez, Txinako, Erresuma Batuko, Indiako eta Estatu Batuetako datuek diotenez, gizartearen antsietate-mailak gora egin zuen pandemia-garaian. Hala diote Jianjie Xu eta kideek aurten argitaratutako artikulu zientifikoan. Gauzak horrela, ikerlarien helburua da hautemandako gizarte-babesaren potentziala pertsona bakartientzat (konkretuki COVID-19ak sortarazten duen antsietatearen aurka) ezagutzea. 

Diotenez, ikertzaileak bakardadearen, hautemandako gizarte-babesaren eta antsietatearen arteko erlazioak ikertzen ari ziren pandemia hasi baino lehen. Eta egoera larri hura ikusita, gakoa zen ikerketarekin jarraitzea, batez ere estatuak konfinamendua ezarri zuenean. Kasu honetan, berrehun pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten. 

Hiru aurkikuntza nagusi izan ziren. Lehenik, hautemandako gizarte-babesak bakardadearen eta antsietate kronikoaren arteko erlazioa agerian jarri zuen. Bigarrenik, hautemandako gizarte-babesa nabarmen handitu zen COVID-19aren pandemiaren unerik larrienetan, eta bertan jarraitu zuen nahiko egonkor, COVID-19aren gainbehera-etaparaino. Hirugarrenik, hautemandako gizarte-babesak bakardadearen eta antsietatearen arteko harremana COVID-19aren pandemiaren momenturik larrienetan eta gainbeheran nabaria zen . 

Emaitza horiek zenbait inplikazio dituzte, bereziki politika publikoen arloan. Lehenik eta behin, nahiz eta isolatuta egon, pertsonek beste batzuekin Interneten bidez harremanetan jarrai dezakete, COVID-19ak eragindako antsietatea murrizteko. Bigarren inplikazioa da osasun mentaleko erakundeek eta profesionalek gizarte-laguntzako programak garatu behar dituztela pertsonen arteko harremanak edota konexioak sustatze aldera. Hirugarrenik, garrantzitsua da pertsonen finantza-arazoei aurre egiteko estrategiak garatzea, hori izan daitekeelako estres eta antsietatearen iturri nagusienetariko bat. 

Egilea: Andrea Khalfaoui