Zaila da zehaztea nolako egoera latzak eta gogorrak jasan behar izan dituzten instituzionalizatuak diren haurrek. Giro seguru eta atsegin batera iritsi baino lehen, askoren lehenengo bizipenak testuinguru biolentoetan gertatu dira, eta inork ikusi beharko ez lituzkeen gertakari txarren lekuko izan dira. Bizitzaren lehenengo urteak erabakigarriak dira gizakion burmuin eta organismorako, eta testuinguru latzek umeen garapen osasuntsua eta normala arriskuan jar dezakete. Esaterako, pertsonek egoera estresagarriei aurre egiteko dugun mekanismoa alda dezakete lehenengo bizi-esperientzia kaltegarriek. 

Konkretuki, halako egoera gogorrak bizi izan dituzten haurrek hipotalamo-hipofisi-adrenal ardatzaren erantzun murritza erakusten dute urteetan zehar. Antza, alterazio fisiologiko hori jatorrizko testuingurutik irten (instituzionalizatuak direnean) eta era egokian babesten dituzten familia berriekin daudenean mantentzen da. Aurten, Minessotako Unibertsitateko Megan R. Gunnara, Carrie E. DePasqualea, Brie M. Reida, Bonny Donzellaa, eta Bradley S. Millerb ikertzaileek nerabezaroak moldaketa fisiologiko horiek itzultzeko ematen dituen aukerak aztertu dituzte.  

Emaitzek diotenez, nerabezaroan ohikoak diren aldaketek moldaketa horiek itzultzeko aukera ematen dute. Hala ondorioztatu dute ikerlariek instituzionalizatuak izan diren 129 neraberen datuak aztertu ondoren. Horren gakoa testuinguruan dagoela diote, giro latzetatik irten eta benetan babesleak diren etxeetan bizitzeak, segurtasuna eta goxotasuna bermatzen duten familiekin, aldaketa fisiologiko horiek gertatzea ahalbidetzen baitu. Konkretuki, hipotalamo-hipofisi-adrenal ardatzaren birkalibrazioan, eta, beharbada, estresa bideratzen laguntzen duten bestelako sistemetan ere bai. 

Ikerketa horren emaitzek itxaropena dakarte. Izan ere, nahiz eta testuinguru latzetan jaio eta hazi lehenengo urteetan, familia babesle eta seguru batean hazten diren gazteek euren lehenengo bizipenen kontrako ondorioak menperatzeko laguntza izaten dute. 

Egilea: Kaiera