Irakurketa batek pertsonei lagundu al diezaieke indarkeriazko harremanak uzten eta pentsamolde prospektiboa eraldatzen? Bai, Racionerok eta bere kideek argitaratutako artikuluaren arabera. Haiek egindako The Impact of Radical Love on Human Memory izeneko ikerketa kualitatiboaren arabera, Jesús Gomezen “El Amor en la Sociedad del Riesgo: una Tentativa Educativa” liburuaren irakurketak aldaketak eragiten ditu oroimenean, eta horrek aipatutako eraldaketak ahalbidetzen ditu.
Ikerketa horretan, Gomezen liburua irakurtzeak giza oroimenean duen eragina aztertu dute, neurozientziaren ikuspuntutik, baita horrek pertsonen bizitzan duen inpaktua ere. Lagineko parte-hartzaileak genero-indarkeriaren harremana izan duten emakume gazteak dira. Ikerketaren ondorio nagusiak dira parte-hartzaile horiek liburua irakurri ondoren beren oroitzapenak berreraikitzen dituztela eta jasandako indarkeriaren aurrean jarrera kritikoak azaltzen direla. Ondorio horiek bost ataletan zehazten dira:
Lehenik, parte-hartzaileek, “El Amor en la Sociedad del Riesgo” irakurri ondoren, haiek bizi izandako harremanetako zenbait oroitzapenen xehetasunak gogoratu zituzten. Xehetasun horiek maskulinitate menderatzaile biolentoekin zerikusia zuten gehienbat; adibidez: gezurrak esatearekin eta irain egitearekin.
Bigarrenik, liburua irakurtzeak parte-hartzaile batzuen indarkeriazko oroitzapenen eta desengainu-sentimenduen arteko konexioa ahalbidetu zuen. Frustrazio horren ondorioz, parte-hartzaile horiek beren harremanetan bizi izandako bestelako xehetasun negatiboak eta etsigarriak gogoratzen hasi ziren.
Hirugarrenik, liburua irakurri aurretik, parte hartu zuten gazte batzuk ez ziren genero-indarkeriaren biktima gisa identifikatu. Baina, irakurketa egin ondoren, liburuan aztertutako harremanak ikusita, genero-indarkeriaren biktima gisa identifikatu ziren.
Laugarrenik, kontzientzia kritikoa garatzearen ondorioz, parte-hartzaile batzuek momentu hartan zuten harremanarekiko motibazioa galdu zuten. Liburua irakurri ondoren, “gauza berriak ikustearen” eta harremanarekiko motibazioa gutxitzearen arteko lotura egin zuten, eta, era berean, lagungarria izan zen genero-indarkeriarekin bat zetozen harremanei buruzko xehetasun gehiago gogoratzeko.
Azkenik, irakurketaren eragin garrantzitsuena honako hau da: erabakiak bideratzea indarkeriarik gabeko harremanak izateko. Pentsamendu kritiko horrek gizon/mutil bortitzekiko harreman toxiko horiek erakargarritasunez haustea ahalbidetzen du, horrelako harremanak berriz ez errepikatzeko edo, horrelako harremanetan egonez gero, horiek apurtzeko.
Argi dago irakurketak sekulako eragina izan dezakeela gure garunaren egituran eta bizitza-eraldatzaile bat dela. Beraz, aukeratzen ditugun liburuek eragin sozial positiboa badute eta ebidentzia zientifikoetan oinarrituta badaude, ziurrenik gure bizitza hobetuko dute eta indarkeriaren aurka egiteko estrategiak garatuko ditugu, Gomezen liburuarekin gertatzen den bezala. Horregatik, nerabeek liburu hori ikastetxeetan irakurtzen badute, gaztetatik hezi daiteke beraien burmuina indarkeriarik gabeko harremanak izan ditzaten.