Periódico Educaciónetik itzulita
Artikulu zientifiko askok jasotzen dute bi eta lau urte bitarteko haurrek etxean, egoera desberdinetan, irakurtzen ikasi zutela. Ez dago inolako ebidentzia zientifikorik irakurketaren ikaskuntza goiztiarra ezinezkoa edo kaltegarria dela frogatzen duenik. Aitzitik, ikerketek argi uzten dute sinesmen oker horiek direla eskola-curriculuma eta etxeko elkarreraginak jaiotzetik bertatik irakurtzen ikastera bideratuta ez egotearen oztopo nagusia. Goiz irakurtzen ikastea onuragarria da; inork ez luke horretaz zalantzarik izan behar.
Ez da denak akats horietan erori direnik. Duela 12 urte baino gehiago, Ramón Flechak eta Marta Solerrek jada baieztatzen zuten irakurketaren ikaskuntza jaiotzetik hasi behar zela. Nire kasuan, zientzian oinarritutako baieztapen zehatz horiek, irakurketa irakastearekiko dudan pasioak eta nire familiako zenbait kidek izan zituzten irakurketa-zailtasunen heredagarritasunarekiko kezkak hausnarketara eraman ninduten, eta nire lehen semearen irakurketa-prozesua oso goiz hastera, zailtasun horiek prebenitzeko asmoz.
Nire hiru seme-alabak bi eta hiru urte artean hasi dira irakurtzen. Nola? Bideak oso askotarikoak izan daitezke. Nik bokalak erakusten hasi nintzen; ondoren, kontsonante batzuen soinuak, eta guztiak erakusten amaitu aurretik, autoekin, panpinekin, eraikuntza-piezekin, arbelekin eta letra magnetikoekin jolasten hasi ginen, letrak silabatan elkartzen irakasteko. Silabak irakurtzea lortzea izan zen gehien kostatu zena, baina iritsi zen. Iraunkortasunaren, ukitu pedagogikoaren eta itxaropenaren kontua da.
Nahiz eta esan dezakegun goiz deskodetzen ikastea ona dela, irakurketaren ikaskuntza-prozesua ez da hor amaitzen. Beharrezkoa da maila goragoetara garatzen jarraitzea. Horretarako, ikasleek egunero irakurri behar dute, pertsona desberdinekin eta leku desberdinetan.
Irudia: Magnific
Egilea: Gontzal Uriarte

