Periódico Educaciónetik itzulita

Ikaskuntza Komunitateen XIV. Nazioarteko Topaketan arrakasta akademikoaren eta bizikidetzaren inguruko esperientzia ugari ezagutzeko aukera izan genuen, askotariko testuinguruetako eskoletan garatuak; horietako asko ingurune zaurgarrietan kokatuak eta biztanleria kalteberarekin. Horietako bat Mexikoko lehen hezkuntzako eskola bat izan zen. Bertan, 2025etik Arrakastazko Hezkuntza Jarduerak (AHJ) garatzen ari dira, eta haien emaitzak doktoretza ondoko ikerketa batean aztertzen ari dira.

Eskola horretan, solasaldi literario dialogikoek harrera aparta izan dute. Lehen hilabetean bertan, ikasgelak literatura unibertsaleko klasiko handiz bete ziren, hala nola Alizia Herrialde Miresgarrian, Metamorfosia, Lurraren erdigunerako bidaia edo Mila gau eta bat gehiago lanez. Korridoreetan ere ikasleen arteko elkarrizketak entzun zitezkeen, testu horiei buruzko iritziak partekatzen. Kasu askotan, lanen jatorrizko bertsioak irakurtzea aukeratu zuten, eta eztabaidetan ikasle guztiek hartu zuten parte, irakurketan atzerapena zuten ikasleek eta hezkuntza-premia bereziak zituztenek ere.

Lehen mailan, ikasturte honetan, irakasleak eta familiek elkarrekin erabaki zuten haurrek Romeo eta Julieta irakurtzea. Testu hori ez da ohikoa Mexikoko lehen hezkuntzako eskoletan, are gutxiago irakurketa eta idazketa ikasten ari diren adinetan. Ikasle bakoitzarentzat jatorrizko lanarekiko fidela zen bertsio bat lortu zuten; orrialdeek testu ugari zuten, eta istorioa laguntzen zuten ilustrazioak ere bai. Ondoren, irakasleak solasaldi literario dialogikoen inguruko saio bat antolatu zuen familientzat, jardueraren funtzionamendua eta onurak azaltzeko. Taldeko ama gehienek parte hartu zuten, eta saioak ilusio handia piztu zuen bertaratutakoen artean.

Shakespeareren testuak haurrei aukera eman zien maitasunaren eta maitemintzearen edertasunari, bikotekidea aukeratzeko askatasunaren garrantziari edo indarkeriaren ondorioei —batzuetan hilgarriak izan daitezkeenei— buruzko gogoeta sakonak egiteko. Taldeko irakasleak eta ikasleen amek harriduraz adierazi zuten lanak seme-alabengan sortu zuen interesa.

«Asko harritu ninduen Romeo eta Julietak piztu zuen interesak. Zalantzak nituen, lehen mailako haurrak baitziren eta irakurtzen ikasten ari baitziren oraindik; baina azkenean istorioarekin guztiz engantxatu ziren, solasaldietan parte hartu zuten eta etengabe galdetzen zuten pertsonaiei eta gertatzen ari zenari buruz» (irakaslea).

«Nire semeari izugarri gustatu zitzaion istorioa. Beste gauza batzuk egiten ari nintzenean ere irakurritakoari buruzko galderak egiten jarraitzen zidan (…). Liburuak hain interesgarriak direnean, haurrek asko gozatzen dute irakurketaz eta gehiago irakurtzeko gogoz geratzen dira» (ama).

Liburua amaitu dutenez, lehen mailako neska-mutilek ilusio handiz galdetzen dute ea uda oporrak iritsi aurretik beste liburu bat irakurri ahal izango duten. Gaur egungo Mexikoko hezkuntza-politikaren zeharkako ardatzetako bat irakurketaren eta idazketaren bidez kulturak bereganatzea da. Solasaldi literario dialogikoetan parte hartzen duten adin guztietako pertsonek gizateriaren ondare diren literatura-lan handiak gozatu eta bere egiten dituzte, kultura eta garai oso desberdinetan sortuak izan arren. Ikaskuntza Komunitateek ia bost hamarkadaz lortu dute hori solasaldi literario dialogikoei esker.

Irudia Gemini bidez sortutako adimen artifizialarekin egina.

Egilea: Alfonso Rodríguez. Veracruzeko Unibertsitateko Hezkuntza Ikerketarako Institutuko doktoretza ondoko ikertzailea. Ikaskuntza Komunitateen Latinoamerikako Sareko koordinatzailea. RIMCIS – Revista Internacional y Multidisciplinar de Ciencias Sociales aldizkariko koeditorea (SCOPUS, Q1).