Urtarrilaren 17an, larunbatean, Erraldoien Sorbalden Gainean mintegiak ekitaldi berezi bat antolatu du, hezkuntzaren arloan funtsezkoa den galdera bati erantzuna emateko asmoz: zer funtzionatzen du benetan hezkuntzan, ebidentzia zientifikoaren arabera?
Jardunaldiak hitzaldi bat eta tertulia dialogiko bat uztartuko ditu, dibulgazio zientifikoa eta hausnarketa kolektiboa elkartuz.
“Hezkuntzan arrakasta lortzeko bidean: zerk funtzionatzen du, zientziaren arabera” izeneko hitzaldia Sergi Luquek eskainiko du, Camí del Cros eskolako zuzendariak. Saioa 10:00etatik 11:00etara izango da, gaztelaniaz, eta hezkuntza-arrakasta lortzeko bidean eragina duten praktika pedagogikoak aztertuko ditu, ikerketa zientifikoetan eta datuetan oinarrituta.
Hizlariak berak adierazi bezala, ekimen honen helburuak argiak dira: desberdintasunak gainditzea, guztiontzako hezkuntza-arrakasta lortzea eta elkarbizitza hobetzea, betiere inpaktu sozial handiko zorroztasun eta bikaintasun zientifikoarekin. Ikuspegi horretatik, eskola eta datu irekiak gizartearentzako tresna eraldatzaile gisa aurkezten dira.
Hitzaldiaren ondoren, 11:00etatik 12:00etara, tertulia dialogikoa egingo da euskaraz. Bertan, parte-hartzaileek aukera izango dute QR bidez eskura jarri den (kartelean) artikulu zientifiko baten inguruan elkarrekin eztabaidatzeko eta sakontzeko (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskuragarri).
Mintegia interesa duen edonorentzat dago irekita: irakasleentzat (HH, LH, DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa), hezitzaileentzat, hezkuntza-aholkularientzat, ikertzaileentzat, familientzat eta unibertsitateko hezkuntza-ikasleentzat, besteak beste.
Saioa aurrez aurre jarraitu ahal izango da Bilbon edo online, esteka posta elektronikoz eskatuta.
Antolatzaileek parte hartzera animatzen dute, ikasteko eta elkarrekin hausnartzeko espazio hau probatzera, eta gonbidapena lagun, lankide eta ezagunen artean zabaltzera.
Izen-ematea eta informazio gehiago:erraldoiensorbaldengeanean@gmail.com
Egilea: Ane Olabarria
![]()
