Daily 27etik itzulita

Abenduaren 10ean, munduak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala (GEAU) onartu zeneko eguna gogoratzen du, 1948an Paris-en aldarrikatua; dokumentu honek oinarrizko eskubideak ezartzen ditu «bereizketarik gabe, arraza, kolore, sexua, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoa edo bestelako iritziak, nazio- edo gizarte-jatorria, egoera ekonomikoa, jaiotza edo beste edozein egoera direla medio» (GEAU, 1948, 2. art.). Aurten, «Giza eskubideak, gure eguneroko beharrak» lelopean, ospakizunak gonbidatzen gaitu giza eskubideak nola agertzen diren gure eguneroko bizitzan ikustera: askotan oharkabean pasatzen diren keinu eta uneetan, hala nola gure mahaira iristen diren elikagaietan, arnasten dugun aire garbian, adierazteko eta entzuteko askatasunean, eta abar luze batean.

Nazio Batuen arabera, aurten giza eskubideak positiboak, funtsezkoak eta lor daitezkeenak direla aldarrikatzen da. Positiboak, ez bakarrik babesten dutelako, baita ongizatea sustatzen dutelako eta bizitza osoagoa ahalbidetzen dutelako; funtsezkoak, mugak, identitateak eta sinesmenak gainditzen dituen lotura komun bat direlako; eta lor daitezkeenak, ekintza txikietatik hasten direlako —besteak errespetatzea, sarritan isilarazitako pertsonak entzutea edo bidegabekeriak salatzea— eta ekintza kolektiboaren bidez sendotzen direlako.

Giza eskubideak ez dira erakundeen edo gobernuen esku bakarrik dauden kontuak; herritarron erantzukizun partekatuak dira, eta egunero gauzatzen dira, gure bizikidetza eta duintasuna sostengatuz. Horiek presente mantentzea funtsezkoa da, haien garrantzia aitortzen dugunean defendatu eta sustatzeko moduan jartzen baikara. Ahazten baditugu edo berezkotzat hartzen baditugu, bidegabekeria eta desberdintasunekiko zaurgarriago bihurtzen gara. Eskubide horiek praktikatzea eta babestea eguneroko ekintza bihurtu beharko litzateke, guztion artean eraikia, kohesio soziala sendotuz, inklusioa sustatuz eta gizarte justuagoak, ekitatiboagoak eta gizatiarragoak bermatuz; ez soilik guretzat, baita gaur egun eskubide horiek ukatuak dituztenentzat ere, edo galtzeko arriskuan daudenentzat.

Egilea: Lidia Bordanoba

Loading