EHUko Arabako Campuseko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntzako Unibertsitate Masterreko ikasleok arrakastaz amaitu dugu modulu orokorraren lehenengo zatia ARIMA lanen aurkezpenekin. Bere laburdurak ondo adierazten duen bezala, lehenengo atal honetan egindako prestakuntzaren “alma” edo muina erakusten du.
ARIMA diziplinarteko praktika on bat izan da guretzat. Etorkizuneko irakasleok Euskal Herriko benetako ikastetxe bat aztertu, haren erronka nagusiak identifikatu eta testuinguru horrekin bat datozen hobekuntza-proposamenak diseinatu ditugu, betiere indarrean dagoen araudian eta hezkuntza inklusiboaren eta kalitatezkoaren printzipioetan oinarrituta. Proiektu honek unibertsitateko prestakuntza eta hezkuntza-praktikaren arteko lotura sendotu du. Ikasleok ikastetxeen funtzionamendua eta hezkuntza-lanaren konplexutasuna hobeto ezagutzeko aukera izan dugu, behaketa, ikerketaren hastapenak eta eskola-komunitatearekiko elkarrizketa uztartuz.
Lan bakoitza aurkezteko jardunaldia urriaren 30ean egin zen, ostegunean, Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean. Parte-hartzaile bakoitzak bere azterketa eta ondorioak azaldu zizkien irakasleei eta ikaskideei, Euskal Herriko ikastetxe baten testuinguruaren azterketatik abiatutako proposamen pedagogikoak partekatuz. Aurkeztutako lanek gaur egungo hezkuntzaren hainbat erronka jorratu zituzten, hala nola kultura-aniztasunaren integrazioa, ikasleen autonomia edo elebitasuna sustatzea.
Jardunaldi hauek “amaiera” diruditen arren, benetan “hasiera” dira, Irakasleen Prestakuntzako Unibertsitate Masterraren etapa berri baten abiapuntua markatzen baitute. Esperientzia honen ostean, etorkizuneko irakasleok hezkuntza-aldaketaren eragile aktibo bihurtzeko bidean gaude, hezkuntza-arrakastaren aldeko konpromiso sendoarekin.
Argazkia: Pixabay
Egileak: Gaizka Yugueros; Naitze Pérez-Rebollar; Maddalen Subijana; Octavio Pereira
![]()

