Daily 27-etik itzulita

Haurren lana arriskutsua edo haurraren adinerako desegokia den edozein jarduera da, haurtzaroa, hezkuntza, osasuna eta duintasuna lapurtzen dizkiena. Urte luzeetako ahalegin etengabeak gorabehera, azken adierazleek iradokitzen dute aurrerapena geldiarazi dela eta, eskualde batzuetan, atzera ere egin dela. Arazien erroak sakonak dira: pobrezia eta zaurgarritasuna, helduentzako lan duinik eza, elikadura-segurtasunik eza, klima-ustekabeko gertakariak, pandemiak, gatazka armatuak, giza salerosketa, eta beste esplotazio-modu batzuk, hala nola derrigorrezko etxeko lana edo abusu sexuala.

Egun honetan, Iqbal Masih-ren (1983–1995) ondarea gogoratzen dugu. Pakistaneko mutiko bat izan zen, bere aitak 600 rupiren truke zorpeko alfonbra-lanera saldu zuena. 12 orduko lanaldiak egitera behartua, ehungailura kateatua eta jipoitu izan zen sarri. Iqbal ehule bikaina bihurtu zen, baina urteetan esklabotzan iraun zuen. Hamar urte zituela, 1992an, ihes egitea lortu zuen eta ausardiaz hitz egin zuen oraindik esklabotzapean zeuden haur askoren alde. Bhatta Mazdoor Mahaz sindikatuaren laguntzaz, bere atxilotzailea justiziara eraman zuen eta haurren lan esplotazioaren aurkako borrokari arreta globala piztu zion.

Alfonbra-industriako kideen mehatxuak jaso arren, Iqbalek jarraitu zuen kontsumitzaileei eskatzen: “Ez erosi alfonbra horiek!” Bere bizitza laburtua izan zen 1995eko apirilaren 16an, Pazko Igandean, 12 urte zituela, tiroz hil zutenean. Hala ere, bere ausardiak mundu mailako mugimendu bat piztu zuen, eta gaur egun oraindik inspirazio iturri da aktibistentzat eta erabaki-hartzaileentzat.

Haurren Lanaren Aurkako Mundu Eguna ospatzen dugun honetan, Iqbalen oroimena omentzen dugu eta konpromisoa berritzen dugu haurren esplotazioa mundu osoan amaitzeko. Lege sendoagoekin, babes sozial hobearekin, hezkuntza unibertsalarekin eta helduentzako lan duinarekin, Iqbalen ondarea eraiki dezakegu. Elkarrekin, haur guztiek askatasunez bizi, ikasi eta amets egin dezaten ziurtatu ahal izango dugu, itxaropena errealitate bihurtuz milioika bizitza gazterentzat.

Egilea: Garazi Alvarez

Loading