Harreman sozialak ingurune presentzialean eta birtualean aldi berean gertatzen dira, eta intentsitate handiagoarekin pandemiaren osteko garaian. Interneten erabilerarekin jokabide berriak sortu dira, hala nola phubbing-a. Phubbing-a mugikorrarekin interakzioak izateko ekintza da, hori fisikoki dauden beste pertsona batzuekin egin beharrean. Gainera, harremanen eta bizikidetzaren kalitateak behera egiten du, eta horien eragina ez da ia aztertu nerabezaroan. 

Hori horrela, Revista Computense de Educación aldizkarian argitaratu den Te importaría prestarme atención? El phubbing en la adolescencia como reto educativo en la convivencia digital y presencial artikuluak phubbing fenomenoak nerabeengan duen eragina aztertzen du, bai eta haren normalizazioak duen efektu negatiboa ere.

Egindako azterlanean ikuspegi kuantitatiboa eta taldeak alderatzeko zeharkako diseinu esperimentala erabili ziren, 12 eta 17 urte bitarteko 379 neraberen laginarekin. 

Gauzak horrela, ikerketan lortutako emaitzek adierazten dute phubbing-maila handia dela nerabeen bizitzan. Hain zuzen ere, gutxi gorabehera laginaren erdiak maila altua du telefono mugikorrari arreta ematen aritzeagatik aurrez aurre duen pertsonari entzungor egiteko orduan. Datu horien artean, neskek dute mailarik altuena, eta intzidentzia handiena duten adinak 15 eta 17 urte bitartekoak dira. 

Sentimenduei dagokionez, laginaren hiru laurdeni modu negatiboan eragiten die mugikorrarekin ari den pertsona batek ez entzuteak. Zehazki, laginaren ehuneko handienak adierazten du enbarazu hori sentitzen duela. Generoari dagokionez, emaitzek erakusten dute mutilek neskek baino gutxiago sentitzen dutela bizipen hori. 

Bestalde, datuek erakusten dute phubbing-maila altua egiteak ez duela aldatzen norberarengan duen eragin emozionala horren biktima bihurtzean (phubbee). 

Aipatutako guztia aintzat hartuta, garrantzitsua da aipatzea ikerketa horren ondorioek ikasle nerabeen osasun emozionalaren eta bizitzaren inpaktua azaleratzen dutela. Izan ere, kezkagarria da phubbing-aren jokabidea normalizatu daitekeela, nahiz eta maila emozionalean dauden eragin negatiboak ezagutu (bai jasaten dutenengan, bai egiten dutenengan), besteak beste, mendekotasunak eta sare sozialen erabilera okerrak eragindakoak. 

Beraz, ikastetxeetan beharrezkoa da curriculum-mailan Internet eta sare sozialak behar bezala erabiltzen hastea, jokabide horiek emozioen eta psikologiaren esparruan dituzten arriskuak azalduz eta horiek arduraz zein modu osasungarrian erabiltzeko ohiturak eta trebetasunak garatuz. 

Egilea: Ane Olmedillo Berasategi