Genero-indarkeriaren prebentzioaren eta desagerraraztearen aldeko borrokan, 2020ko abenduaren 18a historiara igaroko da data erabakigarri gisa; izan ere, munduan lehen aldiz, SOSH bigarren mailako sexu-jazarpena (ingelesezko izenagatik) eremu sozial edo komunitarioko indarkeria-adierazpen gisa jasotzen du legedi batek, eta horrek suposatzen du urrats handia ematea genero-indarkeriarekin amaitzeko.

Bigarren mailako sexu-jazarpenaz ari garenean, indarkeria matxistaren biktimei laguntza ematen dieten pertsonen (edo haien familien) aurkako indarkeria fisiko edo psikologikoaz, mehatxuez, errepresaliez, umiliazioez eta abarrez ari gara. Hau da, lehen biktima salatu, babestu eta/edo lagundu duen pertsonaren aurka askotan sortzen den indarkeriaz ari gara. Horrela, Patricia Melgarrek El Diario Feminista egunkarian dioen bezala, indarkeria erabiltzen duten pertsonak, kasu askotan, biktimen aldeko jarrera dutenei “zigor eredugarri” hori ematen saiatzen dira. Hori da isiltasunaren legeak betikotzeko duen modua, biktimak isolatzeko duen modua.

 I think I will need help’: A systematic review of who facilitates the recovery from gender‐based violence and how they do so berrikuspen-artikuluaren arabera,  genero-indarkeriako egoera batean emakumeari laguntzeagatik izan daitezkeen errepresalien beldurrak — SOSH esperimentatzeko beldurrak — eragin nabarmena izan dezake pertsonek ingurunean dituzten erreakzioetan, baita horiek geldiarazi ere. Beldur horrek biktimei beraiei ere eragin diezaieke, eta haien inguruko pertsonak indarkeria ezkutatzera eraman, errepresalietatik babesteko.
Bistakoa da, indarkeriaren biktima zuzenak babesten dituzten pertsonak babesten ez badira, biktima horiek gero eta bakartiago egongo direla, eta ez dutela izango indarkeria-egoera gainditzeko babes informal hori, ebidentzia zientifikoaren arabera formala bezain beharrezkoa dena.

Unibertsitatean zein ikastetxeetan ere genero-indarkeriaren biktimei laguntzen dieten pertsonek babesa izateak erabat aldatuko du ikasle askoren bizitza. Ezinezkoa da isiltasuna haustea eta biktimei laguntzeko jarrera zabaltzea,  babesten duenak babesik ez badu. Horretan saiatzen ari dira zenbait ikastetxetan, espazio seguruak sortuz, adiskidetasun- eta elkartasun-harremanak bultzatuz, adibidez, Ausarten klubean egiten den moduan, ebidentzia zientifioei jarraituz.   

Lau urte igaro dira Bartzelonan “Bigarren mailako sexu-jazarpenari” buruzko lehen jardunaldiak egin zirenetik. Jardunaldi horietan, hainbat eremutako pertsonek (akademikoa, soziala…) argi ikusi zuten bigarren mailako indarkeria matxista geldiarazi gabe ere ezin zela lehen mailako indarkeria edo zuzeneko indarkeria geldiarazi. Egun horietan bertan, kolore guztietako ordezkari politikoek arazo horri aurre egiteko beharra adierazi zuten. Orain, azkenik, eta aho batez, Kataluniako 5/2008 Legeak, apirilaren 24koak, emakumeek indarkeria matxista desagerrarazteko duten eskubideari buruzkoak, bigarren mailako jazarpen deritzona txertatzen du eremu sozial edo komunitarioko indarkeria-adierazpenen artean. 

Lau urte luze horietan, eta jardunaldiak antolatu ondoren, CREA ikerketa-taldeak, SOSH ere pairatu duen arren, gaiari buruzko eragin sozial handiko ebidentziak ikertzen eta ematen jarraitu du, kasu honetan ikus daitekeen bezala, Legearen 5.4 artikuluaren aldaketa, esaterako.

Orain, legeak ebidentziak erakusten duena jasotzen du, alegia, defendatzaileak babestea dela biolentzia matxistarekin amaitzeko gakoa.

Garrantzitsua litzateke beste erkidego eta herrialde batzuetan antzeko lege-erabakiak hartzea, indarkeria matxista desagerrarazteko ametsa gero eta gertuago egon dadin.

Egilea: Luisa Maria Puertas