Hezkuntzaren psikologiak egun duen erronka nagusienetako bat da ikasle guztien ikaskuntzan hobekien laguntzen duten irakaskuntza-estrategiak zein ikaskuntza-testuinguruak identifikatzea, baita ikasteko zailtasun handiak dituzten eta premia bereziak dituzten ikasleei dagokienez ere.

Hezkuntzaren psikologiaren arloan teoria nagusienetako bat ikaskuntzaren ikuspegi soziokulturala da. Horrek haurren ikaskuntzan elkarrekintzak duen funtsezko eginkizuna nabarmentzen du. Interakzioak erdigunean jartzeak desgaitasuna ulertzeko modu jakin bat dakar, eta ikuspegi horrek hobekuntza nabarmenak eragin ditzake behar bereziak dituzten ikasleen mesedetan: eredu hori ikasle indibidualen mugetatik edo potentzialtasunetatik harago doa, eta beren ikaskuntza-esperientzia eta emaitzak hobetu ditzaketen testuinguruak sortzera bideratzen da.

Azken urteotan, teoria horretan oinarritutako ikaskuntzaren ikuspegi interaktiboak hezkuntza-ekintzak garatzea ekarri du, hala nola talde interaktiboak eta tertulia literatura dialogikoak, eta horiek hainbat haurren ikaskuntzaren emaitzak hobetu dituzte, behar bereziak dituzten ikasleen emaitzak barne.

Hori horrela, lau emakume ikertzailek (Duque, Gairal, Molina eta Roca, 2020) ikerlerro horrek lortutako inpaktu soziala arakatu dute, hezkuntza-jarduera arrakastatsuek behar bereziak dituzten ikasleen hezkuntzan zer-nolako onurak dituzten aztertzeko helburuarekin. Horretarako, ikertzaileen taldea nazioarteko lau proiektutan oinarritu da, eta proiektu horiek hezkuntza-jarduera arrakastatsuak aplikatu eta gero ikasle guztiengan izandako onurak aztertu dituzte. Metodologia komunikatiboaren bitartez 10 kasu aztertu dituzte eta honako hau ondorioztatu dute:

  • Hezkuntza-jarduera arrakastatsuetan parte hartzeak aukera ematen die gehiago ikasteko eta harreman positiboak izateko behar bereziak dituzten ikasleei.
  • Eskolen eta irakasleen ikuspegietan eraginez errazten dute ikasleen behar bereziak asetzea.
  • Hezkuntza-jarduera arrakastatsuak erreplikagarriak dira askotariko hezkuntza-testuinguruetan eta ikasle profil guztiekin.

Ikerketaren emaitzek baieztatzen dute talde interaktiboek eta literatura-solasaldi dialogikoek premia bereziak dituzten ikasleen ikaskuntza-emaitzak hobetu egin dituztela. Horrek agerian uzten du hezkuntzaren psikologian egiten den ikerketak mesede egin diezaiekeela premia bereziak dituzten ikasleei, eta, beraz, ikerketa horrek gizartean eragina duela.

Jarduera horiei esker, ebidentzia zientifikorik onenak eramaten dira ikasgeletara. Ekimen horiek ez dute inor atzean uzten.

Egilea: Ane Olmedillo Berasategi