Informazioaren gizarte honetan, Internet eta sare sozialen bidez, informazioa eskuratzea eta bidaltzea oso erraza da, eta biztanleriak hori ezagutzeko, elkartrukatzeko eta edukiak eratzeko aukera ematen dute. Modu horretan, ezagutzaren eta biztanleriaren arteko erlazioa demokratizatu ahal izan da. Hala ere, sare sozialak eta webguneak informazio faltsua eta nahasgarria hedatzeko plataforma nagusiak ere bihurtu dira.

COVID-19aren pandemiaren aurrean, informazio faltsuaren eta nahasgarriaren inguruko kezka berragertu da, lehenago egunkari honetan argitaratu bezala. Gaixotasuna sendatzeko “erremedioak”, mitoak edota konspirazio-teoriak hedatzen dituzten edukiak ugariak izan dira. Informazio faltsu horrek ekar ditzakeen kalteak askotarikoak dira: alde batetik, jarrera arrazistak areagotu daitezke; bestetik, populazioaren osasuna kaltetu dezake, baita gobernuen indarrak ahuldu ere, prebentzio-neurriak hartzerako orduan. Osasunaren Mundu Erakundeak, pandemiaren arriskuak azaltzeaz aparte, infodemia sortu dela aldarrikatu du.

Hala, infodemia horri aurre egiteko, Pulido eta kideek egindako ikerketan, Twitterren partekatu diren tweeten artean, jakin nahi zuten zenbatek zuten informazio faltsua eta zenbat oinarritzen ziren ezagutza zientifikoan. Gainera, tweet mota bakoitzak zenbat retweet jasotzen zituen ere aztertu zuten. Edukiaren Analisi Komunikatiboaren bidez (ikerketen inpaktu soziala bilatzen duena), ikerketak 1000 tweet aztertu zituen.

Horietatik, gehienak informazio egiaztatuan oinarrituta zeuden. Hala ere, emaitzetan, ikusi zen informazio faltsua argitaratu ohi duten erabiltzaileak aktiboagoak direla edukiak partekatzeari dagokionez; izan ere, informazio faltsua partekatzeko probabilitatea bi aldiz handiagoa zela ikusi zuten, informazio egiaztatua partekatzea baino. Retweet-ak aztertzean, aldiz, beste jarrera mota bat ikusi zuten: informazio egiaztatua zuten tweet-ek retweet-a jasotzeko probabilitatea 10 aldiz handiagoa zen, informazio faltsuko tweet-ekin alderatuta.

Laburbilduz, ikerketak erakutsi du informazio faltsua txiokatzeko probabilitatea handiagoa dela, baina ezagutza zientifikoan oinarritutako tweet-ek retweet gehiago jasotzen dituztela. Emaitza horiek lagungarriak izan daitezke osasun-agintarientzat, haien erabiltzaile ofizialetatik tweet gehiago partekatu ahal izateko. Gainera, ikertzaileek azpimarratzen dute ezagutza zientifikoaren sustapena beharrezkoa dela erabiltzaileek informazio faltsua identifikatu ahal izateko.

Egilea: Ane López de Aguileta

IMG-4251