Nazio Batuen Erakundeak sustaturiko Garapen Iraunkorreko xedeak etorkizun oparoagoa eta jasangarriagoa lortzera daude bideraturik hainbat gizarte esparrutan. Laugarren helburuak, zehazki, pertsona guztientzako bidezkoa, kalitatezkoa eta inklusiboa den hezkuntza bermatzea du oinarritzat. Hala ere, aurretik bideratu diren zenbait ikerketak baliabide-urritasunaren eta hezkuntza aukeren arteko lotura ezarri dute; hau da, pobreziaren eraginez pertsona askok ez dute hezkuntza jasotzeko aukerarik.

Hori dela eta, eskola-porrotari aurre egiteko eraginkorrak diren programen artean ikas komunitateak agertu dira, zeinek hezkuntza-arrakasta lortzeko komunitateko parte-hartzaile guztien elkarrekintza sustatzea duten helburu. Ikastetxeak ikas komunitate gisa hartzen dituzten ereduek indar handia hartu dute bai Europan bai Hego Amerikan, baina bigarren horretan ez da ia ikerketarik egin ikas komunitateek duten inpaktuaren inguruan.

Latinoamerikako herrialdeen artean Kolonbia da pobrezia-tasa handiena duen herrialdeetako bat. Egoera ekonomiko konplexu horren eraginez, haur askok lan egin behar izaten dute familia aurrera ateratzeko asmoz, eta hezkuntza bigarren mailako premia bilakatzen da. Errealitate hori areagotu egiten landa-esparruetan bizi diren familien artean. Aitzitik, Kolonbiako estatuak PER (Landa Hezkuntzaren Proiektua) programa ipini zuen martxan kalitatezko hezkuntza eskaintzeko xedez. Izan ere, Transforming rural education in Colombia through family participation artikuluak estatuko programa horren barnean sartzen den Monteloro ikastetxeko bosgarren mailan eginiko ikerketaren berri ematen du.

Hari beretik, ikerketaren helburua ikas komunitateak Monteloro ikastetxean izan duen eragina aztertzean datza. Aipatu behar da ikastetxe horrek 2015ean ipini zuela abian ikas komunitatearen eredua; hortaz, ikerketak hurrengo bi urteetako datuak bildu ditu, lehenik 2016an eta berriz ere 2017an. Datuak eskuratzeko hainbat tresna erabili dira hezkuntza-komunitatea osatzen duten partaideen informazioa eskuratzeko. Alde batetik, elkarrizketak eta galdera-sortak erabili dituzte ikas komunitateak partaidetzan, motibazioan, bizikidetzan eta formakuntzan zer-nolako inpaktua izan duen jakiteko. Bestalde, SABRE probaren bidez (nazio-mailako azterketa), ikasleek hizkuntza- eta matematika-alorretan izandako garapena aztertu ahal izan dute ikertzaileek.

Eskuratu diren datuak hiru ataletan banatu dira: familien esku-hartzea komunitatean; bizikidetza eta kohesio soziala; eta, azkenik, emaitza akademikoen bilakaera. Lehen atalaren inguruan esan daiteke familien partaidetza areagotu egin dela talde elkarreragileetan, eta, nork bere seme-alaben ikaskuntza-prozesuan arreta jartzeaz gain, gainontzeko familien haurrekiko konpromisoa ere piztu dela. Bigarrenik, landa-komunitateetan indarkeria kasuak gutxitu egin dira bertako biztanle guztiak ikas komunitatearen parte sentitzen direlako; hau da, ikaskuntza-prozesuaren parte sentiarazteak eta erabakiak hartzerakoan bakoitzaren iritziak entzuteak partaideak seguru eta konprometituak egotea bermatzen du. Hirugarren atalari erreferentzia eginez, ikas komunitateen eredua abian jarri zenetik, landa-ikastetxe horretan hurrengo bi urteetan hizkuntza eta matematika alorretan eskuraturiko batezbestekoak maila nazionalaren batezbestekoa gainditzen du.

Amaitzeko, esan beharra dago emaitzak ezin direla orokortu, ikastetxe bakarrean egin baita ikerketa, baina, halere, adierazgarriak diren zenbait ideiaren azaleratzea ahalbidetu du ikerketak. Halaber, ikertzaileek interesgarritzat jotzen dute Monteloro ikastetxeko ikasleen ibilbideari jarraitzea eta eskola-porrot goiztiarra erabat gainditzen den aztertzea.

Egilea: Iker Goya 

Iker Goya Zapirain