Gaur egungo konfinamendu-egoeran komunitatea sentitzeko beharra nabaritu dugu Irungo Belaskoenea HLHIn. Etxeetako bakardadean, familiak, irakasleak eta ikasleak Teknologia Berriak erabiliz gerturatzeko, komunikatzeko, batera egoteko… sortu zaigun aukeraz konturatu gara. Hau da, komunitate izaten jarraitzeko aukera dugu.

Musika-gelan egin ditugun Solasaldi Musikalak partekatzeko eta ikasteko uneak izan dira. Isolamendu-egun hauetan musika-gela ziberrespaziora eraman dugu, eta ikasle bakoitzaren etxean, egongelan, gelan… kokatuko da; gainera, 15 egunean behin online elkartzeko aukera eskaintzen digu.

Gure eskolako 2. eta 3. zikloko ikasleek Solasaldi Musikaletan online parte hartzen dute.

Familien laguntza ezinbestekoa da 2. zikloko ikasleekin solasaldiak egiteko, informazioa gurasoen posta elektronikoko helbideetara iristen delako. Familiek, bidaltzen zaien mezuan, google.meet-erako lotura bat eta ikasleek entzun behar duten musika jasotzen dute. Hasiera batean, Solasaldi Musikalak martxan jartzeko MEET aplikazioa familien gailuetan instalatzeko azalpenak jaso zituzten. Orain, konektatzeko, posta elektronikoan jasotzen duten estekan klikatu besterik ez dute egin behar.

3. zikloko ikasleekin antolaketa desberdina da. Ikasle bakoitzak eskolako G Suite-rekin egindako helbide elektronikoa dauka. Irakasleak CALENDAR-en HITZORDUA antolatzen du, talde bateko ikasleak “GEHITU GOOGLE MEET-EKO BIDEO-KONFERENTZIA” aukerarekin gonbidatuta. Ikasleek e-mail bat jasotzen dute. Bertan, Solasaldi Musikalean parte hartzeko informazioa eta konektatzeko lotura helarazten zaie.

Musikak laguntzen digu gure bizipenak, sentimenduak eta iritziak partekatzen. Konfinamendu-etapa berri honetan nola bizi garen, gure zailtasunak zeintzuk diren, nola gauden jakiten laguntzen digute solasaldiek. Egoera honetan, ikasleek parte hartzen duten saioetan Covid-19ari dioten beldurra askotan agertzen da. Hala ere, Solasaldi Musikalek ilusioz betetzen gaituzte. Bukatzen direnean, gure aurpegiak ikustearekin dena esana dago, partekatu dugunagatik eta elkarrengandik ikasi dugunagatik pozez beterik baikaude. Ez gara bakarrik sentitzen, komunitatea osatzen dugu.

Comunidades de Aprendizaje web orrialdetik itzulita.

Egilea: Pili Anuncibay, Belaskoenea HLHIko musika irakaslea.