Esti Blanco Elorrieta lau hizkuntzatan jaioa den zientzialari bilbotar gaztea da. Blanco Elorrieta psikolinguistikan espezializatu zen eta, neurozientzia kognitiboan doktoretza bukatzear dagoela, 2020ko Zientziako Forbes 30 under 30 zerrendan sartu da. Zerrenda horrek munduan proiekzio handiena duten 30 urtetik beherako gazte zientzialariak biltzen ditu. Horretan sartzeak bere ikerketak babesteko inbertitzaileen munduaren ateak zabalduko dizkio.

Blanco Elorrieta ikertzaileak, Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologia ikasi ondoren, hizkuntzek ikuspuntu neurolinguistikotik nola funtzionatzen duten ulertzeko, Basque Center on Cognition, Brain and Languages-en (BCBL) Hizkuntzaren Neurozientzia Kognitiboan masterra ikastea erabaki zuen. Doktoretzaren gaia erabaki baino lehen, bi urte eman zituen Abu Dhabin ikerketa-laguntzaile moduan New Yorkeko Unibertsitatearen campusean. Duela bost urtetik New Yorkeko Unibertsitatean dihardu doktoretza-lanetan, eta burmuin elebidunaren egiturak ikertzen ari da.

Ikerketetan mundu osoko elebidunen jardute kognitiboa aztertzen du; bereziki, Blanco Elorrietaren “Bilinguismoan neurozientzia ekologiko baterantz” lanaren helburua da ulertzea elebidunek, hizkuntza batetik bestera aldatzeko erraztasunarekin batera, hizkuntza bakar batean egin behar dutenean, nola uzten duten bigarren hizkuntza albo batera interferentziarik eragin gabe. Ikerketa horri esker, Elorrietak hau ondorioztatu du: norberak erabakitzen duenean hizkuntza batetik bestera salto egiteak ez duela inolako ahaleginik eragiten burmuinean, baina testuinguruak behartuta hizkuntza batetik bestera aldatu behar denean, orduan bai, kostua dagoela. Horrez gain, ikertzaileak beste ebidentzia batzuk topatu ditu, haien artean: hainbat hizkuntza hitz egin arren, hainbat esperientzia eta ezagutza izan arren, norbanakoen bariazio txikiak kontuan izanda, maila orokorrean bi hizkuntzetan burmuinen funtzionamendua unibertsala dela.

Blanco Elorrietaren arabera, denbora aurrera doan heinean, hizkuntza baten mailak bereganatzeko zailtasunak handituz doaz. Hau da, txikitan ikasi ez den hizkuntza ikasi egin daiteke, baina ondorioztatu du hainbat soinu barneratzeko eta ahoskatzeko motrizitatean zailtasunak azalduko direla. Haurtzaroan, berriz, jaioberri garenetik nahi diren bezainbeste hizkuntza ikas daiteke, mugarik gabe. Hortaz, Eleaniztasunean hazten den haurrak denbora gehiago beharko du hizkuntzak propio ikasteko, ikaskuntza-prozesua luzatuko da hizkuntza bakoitzarekiko esposizioa murritzagoa izango delako, inputa txikiagoa delako; beraz, hizkuntza guztiak ikasiko ditu, baina denbora gehiago beharko du elebakarraren inputa berdintzeko eta hizkuntza ondo jakiteko.

Egilea: Iraitz Hurtado

Iraitz_kaiera