Harreman onak izatea oso garrantzitsua da, batez ere ikasleen kasuan; haientzat ezinbestekoa da gutxienez nagusi batekin harreman positiboak izatea. Hori dela eta, Harvard Unibertsitateko “Making Caring Common” proiektuak  “Relationship Mapping Strategy” tresna diseinatu zuen, eta orain, koronabirusa dela eta, Internet bidez online egiteko estrategia garatu dute.

Harremanen mapa horren bidez ziurtatu nahi da eskoletan ikasle guztiek heldu batekin konexio handiko harremana daukatela. Heldu hori (irakaslea, entrenatzailea, orientatzailea edo eskolako bestelako langileak) ikasleaz arduratuko da, eta ikasleari edozertarako laguntza eskainiko dio. Horrek onura handiak ekarriko ditu, esate baterako, jazarpen gutxiago, uzte-tasa murriztea eta gaitasun emozional handiagoa.

Horretarako, ikasle bakoitzaren kasua aztertzen dute eta harreman-plana diseinatzen dute, funtsezko puntu batzuei jarraituta:

  • Ikasle guztien ikuspegi orokorra jasotzen da.

  • Identifikatzen da nortzuek ez duten helduekin konexiozko harremanik.

  • Komunitate osoko helduak tartean sartzen dira bileretan.

  • Ikasle guztiek izan behar dute gutxienez heldu batekin konexioa.

  • Arrisku handiagoan dauden edo laguntza gehiago behar duten ikasleengan arreta berezia jartzen da, eta pertsona bat baino gehiagorekin konexio-harremanak antolatzen dira.

Harreman-mapa egitearen zailtasun-maila eskola, ikas-maila edo taldearen arabera aldatzen da, baina oro har oso erraz garatzen da. Prozesua galdetegi batekin hasten da, eta han, galdera batzuk kontuan izanez eta ikasle batzuen izenei erreparatuz, heldu bakoitzak bere izena ipintzeaz gain, “X horiak” (harreman positiboa) edo “X gorriak” (arriskuan) jarri behar ditu. Horrela, erraz identifika daitezke heldu batekin konexiorik ez duten ikasleak; horrela sortzen da mapa.

Ondoren, proiektuan parte hartzen duten helduak elkartzen dira eta zenbait galderaren inguruan hausnartzen dute:

  • Norekin egin zenituzten zuek konexioak? Zerk egin zuen harreman horiek esanguratsuak izatea?

  • Zein ikaslerekin egin dituzue zuek konexioak? Nola sortu ziren harreman horiek? Zerk egiten du harreman horiek esanguratsuak izatea?

  • Zeintzuk izan daitezke ikasleak “X horiak” edo “X gorriak” izateko faktore nagusiak?

  • Zer aldaketak bultzatu dezake eskola-mailan harreman positiboagoak eta estuagoak izatea ikasleen eta helduen artean?

  • Norekin (“X horiak” edo “X gorriak” dituzten ikasleen artean) eta zer egin dezakezu zuk, pertsona horrekin harreman positiboa eta estuagoa izateko?

Horren ondorioz, ikasle bakoitzari heldu bat dagokio, harekin erabateko harreman berezia duelako edo sor daitekeelako, eta konexio-bideak bilatzen dira. Esanguratsuak eta ezin hobeak direla bermatzeko harreman-plan pertsonalizatuak diseinatzen dira, eta arreta berezia jartzen da arriskuan dauden ikasleengan. Jarraipenerako bilera periodikoak egiten dira komunitateko heldu guztiekin, planak berrikusteko eta hobetzeko asmoarekin, eta urtearen amaieran emaitzak aztertzen dira, hurrengo urterako hobekuntzak egiteko.

Amaitzeko, Buckingham Browne and Nichols School Cambridgeko eskolan izandako esperientzia utziko dut:

“Gure eskolak beti izan ditu emaitza akademiko ezin hobeak; halaber, gure ikasleen bizitza soziala eta emozionala ez da inoiz izan lehentasunezko kontu bat. Zerbait entzun genuen “harreman-maparen” ideiari buruz, eta tresna probatzea erabaki genuen. Mapa egin eta gero, konturatu ginen oso ikasle gutxik zituztela “X-ak” beren izenaren alboan; ikasle horien artean, bazeuden akademikoki bikainak ziren arren arazo sozialak zituzten ikasleak. Hori dela eta, planak diseinatu genituen ikasle guztiek heldu batekin konexioa izateko; eta gure helburua % 100 lortzen zela bermatzeko, ikasle bakoitzaren konexiorako bigarren heldu bat bilatu zen komunitatean, gehienetan entrenatzaile edo irakasle bat, harreman egokia eta esanguratsua eraikitzeko pausuei jarraituko ziena.” (Doug Neuman, School Counselor; Buckingham Browne and Nichols School, Cambridge, MA)

Egilea: Ainhoa Bilbao