Literatura-solasaldi dialogikoetarako, literatura unibertsaleko klasiko onenak hautatzen ditugu, eta hori ez da oso ohikoa gure adinean edo nagusiagoen kasuan, esaten digutenaren arabera. Guztiok nabaritzen dugu adierazpenean zein irakurmenean hobetzen dugula, baita lexikoari dagokionez ere, hitz jasoak edo metaforak ulertzen baititugu… Asko ikasten da hizkuntzarekin lotuta, baina jendearekiko harremanekin eta kulturarekin lotuta ere bai. Aldaketa handia da… Arreta handiagoz irakurtzen dugu eta gai gara irakurtzen ditugun egileek oparitzen dizkiguten mezu asko deszifratzeko. Shakespeare, Lorca, Kafka… irakurri ditugu; solasaldiei esker, edozertarako gai garela ikusten dugu! Gutariko batzuek ez dugu inoiz hainbeste liburu irakurri, eta are gutxiago maila horietakoak; batzuei irakurtzea ere ez zitzaien gustatzen, eta hasieran ez zuten nahi, baina gero… oso intelektual sentitzen gara! Horri esker hobeto hitz egiten dugu eta argudio onak ditugu, zeri buruz hitz egin jakiteak lagundu egiten digu gelan gehiago iritzia ematen, idazlanak hobeto egiten edo gure bizitzaren hainbat egoeratan. Adibidez, Kafkaren solasaldiek eragin handia izan zuten batzuengan, bizitzako mementoren batean sentitu duten ulertu ezinarekin konektatzen zutelako, eta euren irakasleari kontatu zioten eta orain “Metamorfosia” irakurtzen ari dira gelan. Hori guztiok nabaritzen dugu, seguruago gaude egoera askotan hitz egiteko, hobeto irakurtzen dugu, ez gara hainbeste trabatzen, hobeto adierazten ditugu gauzak… Horregatik, solasaldiak, maila akademikoan ez ezik, baliagarriak dira ahalduntzeko, bizipen zailekin lotutako gauzak ere irteten direlako, eta solasaldiek ahalduntzea bultzatzen dutelako. Solasaldi dialogikoek kideekin irakurtzeko eta partekatzeko une hori ematen digute, hobeto elkar ezagutzeko eta gure artean nahiz hezitzaileekin giro ona eratzeko, espazio horrek gu eta haiek gehiago elkartzen gaituelako.

Paregabea da hitz egiteko elkartzea, eguneroko errutinarekin ez genuelako inoiz pertsona batzuekin hitz egiten, ordutegiengatik ez genuen bat egiten edo, besterik gabe, ez genion elkarri hitz egiten, batera bizi ginen eta ez genuen elkar ezagutzen! Hori solasaldiekin aldatu zen, kide batzuk ireki egin dira eta inoiz adieraziko ez zituzketen gauzak kontatzen dituzte. Izan ere, solasaldietan inork ez gaitu epaitzen, eta elkar ulertzen eta guztion artean bizitzan gertatzen zaizkigun gauzei irtenbideak bilatzen saiatzen gara, elkarri laguntzen saiatzen gara. Hala da, izan ere, oso itxitzat jotzen genituen mintzagaiak zeuden, eta ez ziren inoiz irekitzen. Solasaldiei esker irekitzeko aukera ematen digun espazioa dugu eta gehiago pentsatzeko bidea ematen du. Gainera, hala, konfiantza handiagoa sortu da gero bazkarian, afarian edo beste edozein unetan horri buruz hitz egiteko. Horri guztiari esker ditugu gure artean lehen ez genituen laguntzarako elkarrizketa horiek. Hitz egiten duguna ez da han geratzen, bizitza errealera ateratzen da. 

Indarkeria gainditzeko urrats garrantzitsu bat, solasaldi dialogikoetan beti aipatzen duguna, hari buruz hitz egiteko aukera izatea eta hura salatzea da, guri gertatzen zaiguna nahiz beste batzuekin lotuta ikusten duguna; horri buruz hitz egitea oso lagungarria da. Irakurri ditugun klasikoek indarkeriari buruz hitz egiteko aukera hori ematen digute, ez gure testuinguruan bakarrik, baita, oro har, gizartean ere. Adibidez, Lorca irakurri bitartean, hari buruz ere hitz egiten dugu, gerraren izugarrikeriaren biktima gisa. Era berean, “La casa de Bernarda Alba” lanari esker, familiarteko botere-harremanei buruz asko hitz egin genuen, eta, dena inposizioa denean eta adostasunik ez dagoenean, hitz egiteko aske ez sentitzeak eragiten duen indarkeriari buruz ere bai. Gainera, hizpide izan genuen hori bizi izan duten kideek zer egiten duten beste batzuek horixe bera bizi ez dezaten, haiei egindako kaltea beste batzuei itzul ez diezaieten. Batzuk pentsatzen dugu familia guztiek izan beharko luketela aukera seme-alabekin eseri eta literaturaren bidez mundua ezagutzeko, etxeetako komunikazioa eta familiako harremanak hobetuko bailituzke. Hala da, hala bizi izan dugulako. Batzuetan zaila da hitz egitea, baina, solasaldiek barruan duguna adierazteko adorea ematen digute, klasikoek giza sentimendu horiek guztiak islatzen dituztelako eta gure bizitza hantxe islatzen delako. Orain oztopo asko gainditzen ari gara, aukera ematen digute kongresuetan nahiz jardunaldietan hitz egiteko, eta jendaurrean hitz egitera ausartzen gara. 

Batzuetan, solasaldietan ikasten dugu agian okerren bat dugula; izan ere, modu batean pentsatzen genuen, eta orain konturarazi eta aldarazten gaituzten ikuspuntu gehiago ikusi ditugu. Baina ez da beti horrela izaten, beste batzuetan askotariko iritziak daudela ere ikasten dugu, eta guztiak direla kidearenak bezain onargarriak, ados egon ez arren. Betiere ez badago errespetu faltarik edo giza eskubideak urratzen ez badira! Orduan ez dugu onartzen, argudio onargarriak ez baitira. Baina ikuspuntuen artean dagoen desberdintasuna oso interesgarria da, eta, amaieran, gainerako kideak onartzen, errespetatzen eta haiei entzuten ikasten dugu. Hori, era berean, indarkeria prebenitzea da, elkarrekin hobeto bizitzen ikastea, solasaldietan beharrezkoa den berdintasunezko elkarrizketa horretan trebatuz.

Solasaldiei esker, amesten ausartu gara, eta horrek gutariko batek unibertsitatea hasi izana ekarri du, eta gutariko beste batzuk ere hori dugu buruan, lehen ez geneukana. Espero dugu ametsak gauzatzen jarraitzea, artikulu bat idazteko ametsa bete den bezala. Solasaldiak paregabeak dira, gomendatzen dizkizuegu!

Egilea: P., S., N., M., M., S., S. eta L., Ángeles Custodios babespeko etxebizitza, Santander. Egoitza-babeseko zentroa