Harvardeko unibertsitateko Haurren Osasun eta Garapeneko irakasleak, Jack P. Shonkoff-ek, COVID-19aren pandemiaren egoerak pertsonengan izan dezakeen eraginaren inguruan idatzi du. Izan ere, azaltzen duenez, egoera horrek munduko edozein pertsonari eragin diezaioke, eta bakoitzak horren aurrean hartzen duen jarrerak besteengan ere eragin dezake. Zerbitzu bitalak mantentzeko lan egiten duten pertsonez aparte, hainbat pertsona eskuzabal ari dira lanean, behar gehien dutenei laguntzeko. Bi ideia azpimarratu ditu:

1. Egoera aldakor honen ondorioak ez dira guztiontzat berdinak izango. Izan ere, janari- eta etxe-falta, isolamendu soziala, osasun zerbitzuetarako sarbide mugatua eta arrazismoa pairatzen direnean, beste arazo batzuk handiagotu daitezke, hala nola: substantzien abusua, familiarteko indarkeria edo osasun mentalarekin lotutako arazoak. 

2. Erabakiak ezagutza zientifiko hoberenean oinarritzea ezinbestekoa da, nahiz eta zientziak, berez, erantzun guztiak ez izan. Adibidez, zientzian oinarritutako bi gomendio nagusiak gizarte-urruntzea (birusa ez hedatzeko) eta harreman solidarioak izatea (egoera latzen aurrean erresilientzia indartzeko) dira. Kontraesanean dauden bi beharrak asetzeko, infekzioa eteteko prebentzioarekin batera, besteak zaintzean ere zentratu behar gara, batez ere ahulenak.

Beste dokumentu eta gida batzuen artean, Child Trends ikerketa-taldeak egindako gomendioak partekatu ditu, umeen ongizate emozionala mantentzeko helburua dutenak. Bada, helduekin alderatuta, umeak haien eguneroko bizitza alda dezaketen egoeren inpaktu emozionalarekiko ahulagoak dira. Besteak beste, aholku hauek eman dituzte:

  • Pandemiarekiko erreakzioak askotarikoak izan daitezke. Helduek, beraz, enpatia eta pazientzia erakutsi dezakete horien aurrean, eta beharrezkoak diren mugak modu lasaian ezarri. 

  • Zaintzaile sentibera eta arduratsua egotea ziurtatzen saiatu. Izan ere, egoera traumatiko bat gainditzeko faktore garrantzitsuena umeak bere bizitzan heldu laguntzaile eta zaintzailea izatea da.

  • Gizarte-urruntzeak ez du gizarte-isolamendua esan nahi. Umeek kalitatezko denbora behar dute haien zaintzaileekin eta bizitzako beste pertsona garrantzitsuekin. 

  • Umeen adinerako aproposa den informazioa partekatu haiekin. Informazio-faltak egoera estresagarriagoa sor dezake, egia adinera moldatutako moduan kontatzeak baino.

  • Inguru fisiko eta emozional segurua sortu (ziurtasuna, errutinak eta erregulazioa). Umeei helduek haien (eta maite dituzten pertsonen) ziurtasuna bermatuko dutela azaldu; errutinak ezarri; eta umeen erregulazio-prozesuan lagundu, haien erreakzioak maneiatzen erakutsiz.

  • Umeak lanpetuta mantendu. Umeak aspertuta daudenean, haien kezkak eta jarrera disruptiboak areagotu daitezke.

  • Umeen autoefikazia handiagotu. Autoefikazia kontrola izatearen sentsazioarekin lotuta dago. Umeek kontrola dutela sentitu dezakete besteei laguntzean rol aktiboa dutela sentitzen badute.

  • Zaintzaileentzat, beren burua zaintzeko mementoak bilatu. Umeen ongizatea zaintzaileen ongizatean oinarritzen da.

  • Laguntza profesionala bilatu umeek trauma zeinuak erakusten badituzte. Umeek jarrera-patroi kezkagarri jarraitua izaten badute (hala nola amesgaiztoak edo autolesioak), laguntza profesionala eskatu daiteke.

  • Indarrak, esperantza eta positibotasuna sustatu. Umeek seguru, salbu eta positibo sentitu behar dute haien orainaldi eta etorkizunari begira.

Kaiera Logo (K)