2020an gauden arren, ikasgela askotan oraindik IRE (Initiation-Response-Evaluation) eredua gailentzen da: batik bat irakasleak hitz egiten du, ikasleei galdera itxiak egiten dizkie, eta benetako elkarrizketarako tarterik ia ez du uzten. Ikerketak garbi erakutsi du IRE ereduak ez duela ondo funtzionatzen. Garapen kognitiborako aukera onenak galdu egiten dira, ez du ikasleen motibazioa sustatzen, eta harreman sozial hobeak lantzen ere ez du laguntzen.

Aitzitik, ebidentzia zientifiko ugarik erakutsi dute hezkuntza dialogikoak askoz hobeto funtzionatzen duela. Esate baterako, Cambridge Unibertsitateko Robin Alexander buru duen ikerketak ez du zalantzarako tarterik utzi. Erresuma Batuan egin dute. Laginean 4. mailako ia 5.000 ikasle eta 208 irakasle analizatu dituzte. Hogei astez izan dituzte aztergai.

Emaitzek garbi islatu dute beste hainbat ikerketak erakutsi dutena: hezkuntza dialogikoaren ereduari jarraitu diotenek emaitza hobeak dituzte hizkuntzan, matematikan eta zientzian. 

Hezkuntza benetan dialogikoa izan dadin hainbat ezaugarri izan behar ditu. Elkarrizketa erdigunean jartzen duten interakzioak nagusitu behar dira. Partaidetza bermatu behar da, ikaskuntzarako ezinbesteko baldintza baita. Hitz egiteko trabak desagerrarazi behar dira. Elkarri entzutea sustatu behar da. Besteak esan duenari jarraituz eraiki behar da elkarrizketa. Ondo arrazoitu behar da, arrazoien oinarrian dauden ebidentziak azaldu behar dira, eta arrazoiak zalantzan jartzeko aukerak erraztu behar dira, eztabaida irekia eta aberasgarria izan dadin. Ideia desberdinak proposatzen direnean, aukera guztiak aztertu behar dira, hausnarketa sustatu behar da, pentsatzeko denbora utzi behar da, eta ideia onenak aukeratu behar dira.

Ikasleek beren buruaz daukaten irudia hobera alda dezake hezkuntza dialogikoak, batez ere elkarrizketak arrazoitzea eskatzen duenean eta ideiak azaltzeko benetako aukerak eskaintzen direnean. Ikasleek beren burua pentsatzen eta arrazoitzen ikusten dutenean, ikasketa-edukiekiko bestelako harreman batean sartzen dira. Askoz eraginkorragoa da.

Hizkuntza eta pentsamendua estuki loturik daude. Hizkuntza erabiltzeak, lantzeak eta garatzeak nabarmen sustatzen du ikasleen garapen kognitiboa, batez ere umeak direnean.

Ebidentzia zientifikoek erakusten digutena praktikara eramaten dugunean, jendearen bizitza hobetu egiten da. Ikasleekin lan egiten dugunok aukera bikaina daukagu aurkikuntza zientifiko eraginkorrenak praktikan jartzeko.

Egilea: Harkaitz Zubiri

Harkaitz Zubiri