Martxoaren 8an, emakumearen nazioarteko egunean, “genero-berdintasuna 2030erako” leloaren ildotik, NBEk oraindik munduan dauden desparekotasun-egoerak gogorarazten ditu; besteak beste: lege-murrizketa batzuek 2.700 milioi emakumeri eragozten diete gizonen lan-aukera berberak izatea; legebiltzarkideen % 25 baino gutxiago emakumeak ziren 2019an, eta hiru emakumetik batek genero-indarkeria jasaten jarraitzen du. Erakundearen arabera, Emakumearen Nazioarteko Eguna une egokia da lortutako aurrerapenei buruz hausnartzeko, aldaketa gehiago eskatzeko eta norberaren herrialde eta komunitateen historian funtsezko papera jokatu duten emakume soilen ausardia eta determinazioa ospatzeko.

Emakume horietako bat, Rosa Valls, katedradun izendatu dute berriki, eta hori garaipen feministatzat hartzen du hark. Horren arrazoiak azaldu ditu El Diario Feministak egindako elkarrizketa batean:

– Zergatik da garaipen feminista?

Espainiako unibertsitateetako genero-indarkeriari buruzko lehen I+G ikerketaren ikertzaile nagusia nintzenez, jazarleek nik unibertsitatean ez jarraitzea nahi zutelako, eta, ezin izan zutenez, ziurtzat jo zutelako katedraduna izatera iritsiko ez nintzela, nahiz eta haiek baino askoz zientzia-curriculum hobea dudan. Hala, ez ziren ausartuko isilatasuna haustera eredua izan zitezkeen beste emakume batzuk,eta haiek beren jazarpenekin jarrai zezaketen. Zorionez, zientziaren arloko pertsona batzuek etika dute, eta babesa eman didate.

– Beraz, jazarleak garaituak izan dira?

Bai, gu suntsitu nahi gintuzten guztien porrota da, unibertsitateetako eta beste erakunde batzuetako goi-kargudunena ere bai. Haiek pertsona askoren babesa izan dute; izan ere, batzuek difamazioak zabaldu dituzte, bekaizkeriagatik, ebidentziak ez bilatzeagatik, geratzen den zerbait difamatzeagatik, nire ikerketa-taldea desagerrarazteko nahiagatik. Beste batzuek, aldiz, gaia saihestu dute, ez dute jarrera hartu nahi izan “haien arazoa da, ni inpartziala naiz”, eta haiek ez dira konturatzen jarrera ez hartzeak, feminismoan bezala, biktimari babesa ez ematea dakarrela, baita bigarren mailako jazarpena ere. 

– Uste duzu gure alabek eta ilobek orain babesa izango dutela unibertsitatean?

Ilusioa daukat unibertsitatearen etorkizunarekin, unibertsitatean sartzen diren eta sartuko diren neska guztientzako etorkizun hobearekin; izan ere, genero-indarkeria gainditzeari dagokionez aurrera egitea lortu dugu, unibertsitate zientifikoagoa, humanoagoa eta jazarpenik gabea aurki dezaten.

– Noiz hasi zinen feminismoan eta nola ulertzen duzu?

70eko hamarkadan hasi nintzen feminismoan, auzoko emakumeen talde batean, eta 1976ko Espainiako lehen Jardunaldi Feministetan ordezkatu nituen. Frankismoaren ostean, gure aldarrikapenez hitz egiteko bi mila emakume baino gehiago elkartu ginen lehen aldia izan zen. Garai horretan helduen irakaslea nintzen, eta auzoko emakume horiekin bizi izan nintzelako ulertu nuen benetan feminismoa, orain oso argi dudana, “beste emakumeak”, hots, unibertsitate-ikasketarik gabekoak, baztertzen ez dituen feminismoa, haiekiko berdintasunezko elkarrizketan oinarrituta aurrera egiten duena.

– Zure kasuan, kontrako gizonak eta emakumeak eta aldeko emakumeak eta gizonak egon dira?

Genero-indarkeriaren aurkako borrokan, feminismoaren borrokan, beti laguntzen didate emakume eta gizon feministek, beti hor, gure alboan, egon diren gizonek. Feminismoaren aldarrikapenak guztion artean lortuko ditugu, etika dugun emakume eta gizonen artean, emakumeen diskriminazio-egoeren aurrean beti jarrera hartzen dutenen artean.

Egilea: El Diario Feminista