Inklusioaren inguruko ikerketa gehienetan, arlo akademikoaren emaitzak eta lorpenak izan dira garrantzitsuena. Kasu honetan, ez. Karen E. Broomhead-ek (2019) idatzitako artikuluan, inklusioari beste ikuspegi bat eman dio. Besteak beste, inklusioak ikastalde arrunt batean zer-nolako giza harremanak sustatzen dituen ikertu du.

Ikerketa horretan 29 ikaslek parte hartu zuten. Taldean parte hartutako ume guztiek ezaugarri desberdinak zituzten, eta hiru taldetan banatuta zeuden: hezkuntza premia bereziak (HPB) zituzten umeak, etorkizunean agian HPBak izango zituztenak eta garapen arrunta zutenak. Behin taldea ezagututa, kide-izendapen metodoaren bitartez (bakoitzak taldeko bost lagunik onenak aukeratu zituzten), gelan zeuden lagun-harremanak adierazi zituzten.

Ikerketa horren helburua umeen lagun-harremanak ezagutzea zen, zehazki, gizarte-onarpena eta adiskidetasuna neurtzea. Beraz, lehen aipatutako metodoaren bitartez eta soziograma bat eginez, klasearen egoera ezagutu zen.

Lortutako ondorioetan hainbat ideia garrantzitsu azaldu ziren. Lehendabizi, HPBak zituzten edo etorkizunean HPBak izateko arriskuan zeuden umeek gizarte-onarpen txikiagoa eta adiskidetasun gutxiago zeukaten, beste kideekin alderatuz. Hala ere, HPBak dituzten umeak edo etorkizunean HPBak izateko aukera duten umeak lagunak izateko gai direla egiaztatu zuten. Bestetik, adierazgarria izan zen ume gehienek gutxienez lagun bat izatea lortu zutela gela barruan.

Beste ikerketa batzuek dioten moduan, ikaskideekin esperientziak eta lagun-erlazioak izatea ez da luxua, baizik eta oso premia garrantzitsua, bai osasun kognitiborako, bai gizarte garapenerako. Baina, ikusten den bezala, umeen harremanetan ez da inklusioa guztiz gertatzen.

Ume guztien lagun-erlazioak sustatzeko eta ahalbidetzeko, artikuluan pare bat argibide edo gomendio aipatzen dira. Esate baterako, eskoletan guztien arteko erlazioak sortzea, bakoitzaren gaitasunak desberdinak izan arren, eta betiere umeen aukeratzeko askatasuna errespetatuz. Beste proposamen bat eskoletan arlo emozionala eta soziala lantzea da. Horiek proposamen bakar batzuk dira, askoz gehiago daude. Baina garrantzitsua da aipatzea eta kontuan hartzea guztiok lagun-harremanak egiteko gaitasuna daukagula. Beraz, aukerak eman behar dizkiegu gure ikasleei hori egin ahal izateko.

Egilea: Patricia Peña

WhatsApp Image 2019-03-13 at 12.18.59