Escuela Mediterrani Ponent inguruan dago, zehazki, Tarragonako Campclar auzoan. Auzoko errealitate soziokulturala oso desberdina eta era askotakoa da, gure ikastetxea bezala, zeina Ikas Komunitatea den 2011-12ko ikasturteaz geroztik. Une horretan proiektuaren faseei ekin genien, eta horiek apurka-apurka ikastetxea eraldatu dute, familientzat erreferentzia positibo eta hezkuntza-arrakastaren erreferentzia bilakatu arte.

Ikasturte hauetan, ikastetxeak proiektua finkatu du, eta, gaur egun, lerro osoa eskaintzen dugu (LH3tik DBH2ra arte) eta Ikas Komunitateen berezko hezkuntza-jarduera arrakastatsu guztiak egiten ditugu.

Gure proiektuaren helburua hezkuntza-jarduketa arrakastatsuak bultzatzea da; izan ere, horiek bermatzen dute hezkuntza-bikaintasuna, familiek ikastetxearen dinamikan eta irakatsi eta ikasteko prozesuan benetan parte hartzea, eta ikasle guztien ikuspegi inklusiboa (ikaskuntza dialogikoaren teoriak nabarmentzen dira, baita inguruarekiko elkarrekintzaren bidezko ezagutzaren sorkuntza ere). Helburu nagusia gure ikasleei hezkuntza-bikaintasuna bermatzea da, honako hauek hobetuz: hezkuntza-emaitzak eta kohesio soziala, lan inklusiboa, ikaskuntza dialogikoa eta hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea.

Hauek dira mailetan egiten ditugun hezkuntza-jarduketa arrakastatsuak:

  • Talde Interaktiboak, bai katalanean, bai matematikan, LH3tik DBH2ra arte. HJA horrek eskola talde txiki heterogeneoen bidez antolatzeko era espezifikoari erantzuten dio. Boluntarioek edo familiek saioetan parte hartzen dute (maila guztietan, katalanean eta matematikan). Horren xedea ikaskuntza (boluntarioak, ikasleak, familiak eta abar lankidetzan arituz), talde-lana eta elkartasuna bultzatzea da.

  • Literatura Solasaldi Dialogikoak, LH5etik DBH2ra arte. Literatura klasiko unibertsala sustatzea da xedea, baita ikasleen espiritu kritikoa piztea eta irakurketa nahiz idazketa hobetzea ere.

  • LHko eta DBHko ikasleen tutoretzapeko liburutegia: ikaskuntza zabaltzeko eta hedatzeko unea da. Espazio horretan, ikasleei eskolako etxerako lanak egiten edo azterketak prestatzen laguntzen zaie. Gainerako hezkuntza-jarduketa arrakastatsuetan bezala, boluntarioek edo senideek parte har dezakete.

  • Senideen prestakuntza. Senideentzako prestakuntza-ikastaroak ematen ditugu, ibilbide akademikoa etxean hasten dela uste baitugu. Hortaz, DBHren Graduatuarekin eta Ziurtagiri Instrumentalarekin lotutako ikastaroak ematen ditugu, baita gaztelania- eta katalan-eskolak eta helduentzako literatura-solasaldiak ere, besteak beste. Ikastaroak beti ematen dira seme-alaben eskola-ordutegian, familiek lasai ikas dezaten.

  • Helduentzako literatura-solasaldiak. Ikastaroak beti ematen dira seme-alaben eskola-ordutegian, familiek lasai ikas dezaten.

  • Gatazken eredu dialogikoa eta hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea, batzorde mistoen bidez (senideek, boluntarioek, irakasleek eta ikasleek osatutakoak).

Ikas Komunitateen proiektua nazioarteko hainbat proiektuk ebaluatu dute, hala nola includes-ED, Seas4All edo Step4Seas proiektuek, eta ikasleen hezkuntza-arrakastaren sustapenean duen eraginkortasuna eta transferigarritasuna frogatu dute, abiarazteko testuingurua gorabehera. Hala, 800 Ikas Komunitate baino gehiago eratu dira.

Urrun geratu da ikastetxean genuen egoera, urrun geratu da 2009-2010 ikasturtea, laguntza eskatzeko erabakia hartu eta ebidentzia zientifikoetan oinarritu ginenekoa, familia zein ikasleekin batera gainditze- eta arrakasta-ibilbide itxaropentsuari ekiteko. Hala ere, oso ondo gogoratzen dugu 11-12 ikasturtean egin genuen Senideen Lehen Batzarra, gure ikastetxea Ikas Komunitate eta, etorkizunean, Institutu Eskola bilakatzeko prozesuari hasiera emateko helburuarekin. Era berean, bai lehen, bai orain, hobetzeko ilusio eta gogo handia dugu. Bide batez, berriro egin dugu ametsaren fasea, eta beste egun batean partekatuko dugu zuekin.

Egilea: Cristina Lara