Zer egin dezakegu jazarpenarekin amaitzeko? Lagunen artean jazarpena suertatzen da? Frontiers for Young Minds aldizkarian ikasleei zuzendutako ikerketa bat argitaratu dute Navarro eta kideek, gai horrekin lotuta.

Hasteko, jazarpenaren inguruan ikertzaileen artean zertan dauden ados azaltzen dute. Ados daude jazarpena eraso modu bat dela, eta horrek esan nahi du norbait zauritzeko erabiltzen den jokabidea dela. Ikuspuntu horretatik, norbaitek beste pertsona bat kolpatzen edo bultzatzen duenean, norbait iraintzen duenean edo bere lagun-taldearekin jolasten uzten ez dionean, esan dezakegu pertsona hori beste batzuk beldurtzen ari dela. Jazarpentzat hartzeko, beste bi baldintza bete behar ditu: (1) errepikapena; horrek esan nahi du portaera behin baino gehiagotan gertatu behar dela; eta (2) botere-desoreka; horrek esan nahi du biktimarentzat zaila izan behar dela bere burua defendatzea. Botere-desoreka erasotzailea fisikoki indartsuagoa edo popularragoa izatearen ondorioa izan daiteke, edo erasotzailea pertsona bat gogaitzeko elkarrekin jarduten duen pertsona-talde baten parte izatea.

Jazarpenak jokabide fisikoak (kolpatzea, ostikatzea, biktimaren jabetza kaltetzea), hitzezko erasoak (irainak, mehatxuak) eta eraso sozialak (norbait talde batetik kanpo uztea, zurrumurruak zabaltzea) barne hartzen ditu. Jazarpenak Internet eta beste teknologia berri batzuen bidezko portaera mota berriagoak ere barne hartzen ditu, hots, portaera zibernetikoak (norbaiten argazki pribatuak linean argitaratzea, adibidez).

Jazarpena ez da mugatzen  bi agente hauetara bakarrik: erasotzailea eta biktima. Batez ere eskolan gertatzen den jokabide soziala da, eta hura ikusten duten pertsona guztiak inplikatzen ditu. Jazarleak (jazarpena hasi eta zuzentzen duen pertsona) ez du bakarrik jokatzen. Antzeko portaeretan murgiltzen diren pertsonez inguratu ohi dira, norbaiti min egiten laguntzen dietenak edo haien portaera indartzen dutenak. Jazarleekin bat egiten duten eta laguntzen dieten horiei guztiei laguntzaile deitzen zaie, eta jazarpenari barre egiten dioten eta animatzen duten pertsonei errefortzu.

Biktimei nolabait laguntzen dieten pertsonak ere badaude: defendatzaileak. Bestalde, jazarpena ezagutzen duten baina isilik dauden pertsonek indartu egiten dute. Pertsona horiek ez dira sartzen nahiago dutelako ez ikusiarena egin, edo ez direlako gai sentitzen hori geldiarazteko zerbait egiteko. Ikusleek funtsezko papera bete dezakete jazarpena gelditzeko edo gertatzen jarraitzeko.

Jazarpenak nabarmen eragiten du pertsona horiengan guztiengan: biktimek joera handiagoa dute depresio- eta antsietate-sintomak izateko,autoestimu baxua,  gizarte-bazterkeria izateko, bizitzarekiko gogobetetze txikiagoa izateko, absentismoa eta, askotan, jardun akademiko eskasa izateko. Erasotzaileek ere joera handiagoa dute jardun akademiko eskasa izateko; arazoak, lagunak mantentzeko; eta drogak, alkohola eta indarkeria erabiltzeko. Ikusleek ere zailtasunak izan ditzakete kontzentratzeko eta besteekiko depresioa edo mesfidantza sentitzeko.

Navarro eta kideen arabera, ikasle askok pentsatzen duten batzuek asperduragatik egiten dutela jazarpena. Hala ere, emaitzen arabera, hori ez da horrela. Erasotzaileek ikaskideen taldean estatus nagusia izatea bilatzen dute jazarpenarekin. Horrek esan nahi du espero dutela beren erasoaren emaitzak positiboak izatea, hala nola beren talde sozialaren onarpena edo ospe handia, eta batzuetan lortu egiten dute.

Dena den, jazarpena ez da hain ohikoa lagun onen zirkuluetan. Emaitzek erakusten dutenez, zure laguna den norbait izateak, laguntzen dizun eta kontsolamendua eskaintzen dizun norbait izateak jazarpena sufritzeko aukerak murrizten ditu. Badakigu biktimei laguntzea ez dela inoiz erraza, baina laguntza erabakigarria izan daiteke. Laguntza hori emateak ez du esan nahi erasotzaileari zuzenean aurre egin behar zaionik. Lagunari entzuteak ere aldea ezar dezake, lagun hori barne eta maitatuta sentituko baita. Jazarleak askotan bakarrik dauden pertsonengana joaten dira, eta, beraz, inor bakarrik ez egoteko, bazkalorduan lagun batekin esertzeko edo berarekin komunera joateko eskain dakieke. Era berean, bide onak izan daitezke heldu bati  informazioa ematea arazoa konpontzen laguntzeko, edo lagun hori heldu batekin hitz egitera animatzea.

Hala ere, biktimaren laguna izan ala ez, jazarpenari aurre egin behar zaio. Ezer ez esateak gauzak okertu litzake guztientzat: jazarleak pentsatuko du ondo dagoela besteak horrela tratatzen jarraitzea. Garrantzitsua da, halaber, erasotzailea ez indartzea biktimaren kontura barre eginez. Horrek arazoa okertzen du, jazarleak pentsa dezakeelako popularra eta boteretsua dela. Jazarpena ikustean haur/gazte gutxiagok hartuko balu errefortzuen edo ikusleen papera, eta taldeak uko egingo balie erasotzaileei, estatus altua, sari garrantzitsu bat galduko lukete besteak jazartzeagatik, eta, azkenik, jazarpena eten egin liteke.