Cambridgeko Unibertsitateko 3.000 langile akademiko eta ez-akademikori egindako barne-inkesta baten datuek agerian utzi dute  ia hirutik bat jazarpenaren eta bestelako biktimizazio-moduen biktima izan dela edo hori lankideen aurka ikusi duela azken 18 hilabeteetan.

Inkesta horrek erakutsi du jazarpena pairatu zuen talderik handiena emakumezkoena eta langile laguntzaileena izan zela; jazarpena eragin zuen talderik handiena, aldiz, akademikoena izan zen. Gainera, jazarpena  pairatu zutenen erdiek baino gehiagok adierazi zuten ez zituztela istiluak salatu hainbat arrazoirengatik: ez zuten uste ezer egingo zenik; beste batzuk, berriz, beldur ziren egileak errepresaliak hartuko ote zituen edo beren karrerak kaltetuak izango ote ziren.

Cambridgeko inkesta elkarrekin egin zuten unibertsitateak eta campuseko hiru sindikatu nagusiek, Unite, Unison eta University and College Unionek; sindikatu horiek aurrea hartu zuten jokabide toxikoen, beldurgarrien eta iraingarrien mailaren iraunkortasunarekin kezkatuta zeudela aitortu ondoren. Ivan Williams Unisoneko Cambridgeko sukurtsaleko presidentea, jazarpena pairatu dutela dioten langile kopuruak kezkatzeaz gain, asko kezkatzen du, identifikatzeko gaitasun-falta dela eta, langile asko ez konturatzeak laneko portaera batzuk larderiazkoak izan daitezkeela.  Aldi berean, Will Smithek, Uniteko Cambridgeko sukurtsaleko idazkariak, inkesta egiteko presioa egin zuela esan zuen, ez baitzuen ikusi unibertsitateko administrazio zentralak inkesta horri heltzeko zantzurik zuenik. Haren hitzetan, unibertsitatearen egitura hierarkiko eta zabalak zaildu egiten du errudun txarrenen identifikazioa eta diziplina.

Hasierako inkesta 2018ko uztailean egin zen, baina 2019ra arte ez zen atera, eta unibertsitatearen barneko sarean bakarrik. Inkesta bateratuaren laburpen exekutiboak zera ondorioztatu zuen: “Argi eta garbi, lan eta inbertsio esanguratsuak behar dira unibertsitate osoan aldaketa kultural iraunkorra lortzeko”. Bere aldetik, Stephen Toope Cambridgeko idazkariordeak honako hau idatzi zuen txostenean: “Erakunde liderra izateko, onartu behar dugu horrelako jokabideak ez duela lekurik Cambridgen. Hala ere, inkesta bateratu horretan parte hartu zuten zenbait langilek partekatutako jazarpenaren eta bestelako biktimizazioen esperientziek erakusten digute lan handia dugula guztiontzat hori errealitate bihur dadin”.

Egoera horren aurrean, Ikasleentzako Bulegoak (Ingalaterrako goi-mailako hezkuntzaren arautzailea) neurriak hartu ditu. Alde batetik, unibertsitateetan ematen den sexu-jazarpena eta jokabide desegokiak unibertsitateetatik nola maneiatzen dituzten zehazteko baldintza berriak prestatzen ari da. Bestetik, prozedura ez eraginkorren aurrean, bulegoak esku-hartuko luke.

Argi dago horrelako jokabideekin bukatu behar dela lehenbailehen, eta horretarako sindikatuek benetako planak eskatzen dizkiote Unibertsitateari.  Plan horietan, protokoloak eta gune seguruak egiteaz gain, estamentu guztiak sentsibilizatzeko eskatzen dute egoera larriak, jazarpenak eta abar identifikatzen ikasteko.

Cambridge bezalako unibertsitate ospetsu batean horrelako bideari hasiera emateak garrantzi handia dauka beste instituzio batzuentzat eredu izan daitekeelako.

 

Egilea: Isabel Mendizabal

IMG_-ua20bk