Escola d´Adults de La Verneda-San Martík sari garrantzitsu ugari jaso ditu bere ibilbide luzean. Oraingo honetan Bartzelonako Udal Kontseilariak “auzoko bizitza komunitarioaren alde egindako 40 urteko lanari”, ikaskuntza eta boluntariotza sustatuz, errekonozimendua ematea eta merezimendu zibikoari urrezko domina ematea onartu du.

La Verneda-San Martí eskolan adin, jatorri, egoera ekonomiko zein maila akademiko ezberdinetako pertsonek, elkartasun- eta errespetu-giroan, gelak partekatzen dituzte, eta baita ametsak ere. Erabakiak asanbladetan hartzen dira, eta guztien “ahotsek”, guztien “hitzek” balio bera dute, berdintasunezko elkarrizketa euren identitate-ezaugarrien artean garrantzitsua baita. 

Joan den astelehenean, saria emateko zeremonian, Ana Lebrón betiko partaideak Ikas Komunitate horren lorpenaz eta izan duen eraginaz hitz egin zuen. Alde batetik, nabarmendu zuen partaide, laguntzaile zein irakasle orok pertsona eta profesional moduan hazteko eta aberasteko izan duen aukera, eta, beste aldetik, azpimarratu zuen eurengan gertatu den eraldaketa hori auzoan ere suertatu dela. Are gehiago, adierazi zuen eskolan lortu dutenak munduan ere inpaktua izan duela. Adibide batzuk eman zituen hori argitzeko: La Verneda-San Martín sortu zen lehen Ikas Komunitatea, eta momentu honetan ehunka daude munduan sakabanatuta. La Verneda-San Martín tertulia dialogikoak sortu ziren, eta horrekin munduko literatura-idazlan klasikoak irakurri zituzten, lehenbizikoz, titulurik gabeko pertsonek. Jarduera iraultzaile horrek aurreritzi eta oztopo asko suntsitu zituen eta gaur egun mila tertulia baino gehiago egiten dira munduan zehar. La Verneda-San Martík beste ikastetxe, erakunde eta unibertsitate batzuekin parte hartzen du hamaika proiektu eta ikerketatan, betiere helburu argi batekin: bizitza hobea lortzea guztiontzat. 

Praktikarekin, helduen eskola horrek erakutsi du parte-hartzea posible dela, bulkada kolektiboa ametsak errealitate bihurtzeko gai dela eta hezteko beste modu bat posible dela.

Egilea: Luisa Maria Puertas

Luisa Mari