Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center-ek eta, aurten lehendabizikoz, Donostia Zinemaldiak elkarlanean antolatutako ZINEMA ETA ZIENTZIA zikloaren hirugarren edizioari hasiera eman zaio Amenabarrek 2009an zuzendutako Hipatia Alexandriakoa filmarekin. Egitasmoa martxora arte garatuko da Tabakaleran (Donostia) eta Bilboko Arte Ederren Museoan.

Zikloaren hirugarren edizio honetan 11 film proiektatuko dira, eta, saio guztietan, izen handiko zientzialari bat arduratuko da filma aurkezteaz eta proiekzioaren ondorengo solasaldia gidatzeaz. Lehen proiekzioa, Pedro Miguel Etxenike UPV/EHUko katedradunak eta DIPCko presidenteak aurkeztua, Ágora izan da; bertan, Hipatiaren figura ardatz hartuta, erlijioaren eta zientziaren arteko eztabaiden berri izateko aukera izan dugu.

Hurrengo filmak, Gilda izenekoak (Charles Vidor, 1946), Elhuyar anaiak eta wolframarekin duten lotura erakutsiko digu. Gattaca (Andrew Niccol, 1997) filmarekin manipulazio genetikoa izango dugu hizpide. Proxima (Alice Winocour, 2019) filmak emakume astronauta baten bizimodua ekarriko digu. Her (Spike Jonze, 2013) adimen artifizialaz arituko da. Autómata-k (Gabe Ibáñez, 2014) robotikaren munduan sartzeko aukera emango digu. El árbol de la vida (Terrence Malick, 2011) filmak, gizakion arazoak aurkezteaz gain, unibertsoen eta galaxien sorreraz hitz egiteko aukera emango digu. Zientzia-fikzioari dagokionez, bi film emango dituzte: El hombre con rayos X en los ojos (Roger Corman, 1963) eta Emakumea ilargian/La mujer en la luna (Fritz Lang, 1929). Despertares (Penny Marshall, 1990) filmak neurologiara eramango gaitu, eta Ad Astra (James Gray,  2019) filmak, aldiz, barne-bidaiara eta espazio-abenturara.

2020ko edizioak berritasun batzuk dakartza: alde batetik, bost hitzaldiak komunitate zientifikoaren azken aurrerapausoak aurkeztuko dituzte, honako zientzialari hauen eskutik: Nerea Zabala (EHU, DIPC), Marcos Pellejero (DIPC), Gabe Ibáñez (Autómata filmaren zuzendaria), Concepción Alicia Monje (Universidad Carlos III de Madrid), José Ramón Alonso (Universidad de Salamanca. Instituto de Neurociencias de Castilla y León) eta Carlos Briones (Centro de Astrobiología CSIC-INTA); solasaldiak Donostiako Tabakalerako Ruiz Balerdi Aretoan eta Bilboko Bidebarrietako Liburutegi Nagusian izango dira.

Beste aldetik, El día de mañana (Roland Emmerich, 2004) filma ikastetxeei zuzenduko zaie. Egingo diren emanaldi horietan klimaren fisika jorratuko da bertaratutako ikasleekin. Era berean, La mujer en la luna (Fritz Lang, 1929) filmaren proiekzioan zuzeneko musika joko du Javier Pérez de Azpeitia piano-jotzaileak. Azkenik, Gilda (Charles Vidor, 1946) pelikularen saioa Donibane Lohitzuneko Cinéma Le Sélect zinemara lekualdatuko da urtarrilaren 21ean.

Sarrerei buruzko informazioa (prezioak, nola lortu eta abar) izateko webgune hauek erabil daitezke: www.museobilbao.com eta https://ticket.kutxabank.es/tabakalera.  Hitzaldietarako sarrerak, aldiz, doakoak izango dira.

Egilea: Luisa Mari Puertas