Etxebizitza Espainiako arazo sozial garrantzitsuenetarikoa da. 2017ko azken hiruhilekoan bakarrik, 926.193 hipoteka-judizio eta 567.261 etxegabetze-agindu eman ziren. Egoera horri aurre egiteko, estatu osoan zehar Hipotekak Kalteturikoen Plataformak (PAH, gaztelaniaz) eratu ziren. 

Hezkuntza-arloari dagokionez, badakigu horrek ondorio latzak dituela aipatutako egoera sufritzen duten umeengan. Literatura zientifikoaren arabera, ume horiek arazo handiak dituzte laguntza soziala eta akademikoa lortzeko, eta egoera ekonomiko txarrek emaitza akademikoak kaltetzea dakarte. Hori da Tarragonako HKPko umeen kasua, zeinen gurasoek etxegabetze-aginduak jaso zituzten. Ume horiek, gainera, batzarretan azaltzen ziren HKPko kideek pairatutako egoera larriak entzun ohi zituzten, eta, batzuetan, bilerak eteten zituzten, aspertuta zeudelako edo haien gurasoengandik zerbait behar zutelako. Hala, Tarragonako HKPren bileretan parte hartzen zuten ikertzaileek umeentzako ikasketa-espazio bat sortzea proposatu zuten, denbora hori jarduera hezitzaileak egiten aprobetxatzeko, hau da, pairatzen ari ziren aukera-desparekotasunari alternatiba bat emateko. Proposamena batzarrean aurkeztu zen, baita aho batez onartu ere. 

Astero egiten ziren bilerak 2 ordukoak izan ohi zirenez, lehenengoa etxerako lanak egiteko erabiltzea erabaki zuten, eta bigarrenean jarduera hezitzaileak adostu zituzten, hala nola zientzia-tailerrak, xake-jokoa eta Tertulia Literario Dialogikoak (TLD). 2017ko urtarriletik 2018ko ekainera arte espazio horietan parte hartzearen emaitzak jaso zituzten Morlà-Folch eta kideek

Hasieran, zenbait umek esan zuten ez zutela etxerako lanik egin nahi, eta nahiago zutela jolastu. Zenbait saioren ostean, hori eskatzeari utzi zioten, eta etxerako lanak bukatzean, nahiago izan zuten ezagutza gehiago lortzeko jarduerak egin. Ikertzaileek galdetu zieten ea zer indartu nahi zuten, eta gehienek zailak iruditzen zitzaizkien eskolako irakasgaiak errepasatzeko eskatu zuten.

Ikasketa-espazioan parte hartu zuten 6 umeri egindako elkarrizketetan, guztiek azaldu zuten etxerako lanak egiten eta ikasten ondo pasatzen zutela. Gainera, askok onartu zuten espazio horregatik izan ez balitz, ez zituzketela etxerako lanak egingo, ez zuketelako laguntzarik jasoko. 

Ikasketa-espazioa espazio dialogikoa izateak euren artean kontzeptuak azaltzeko adorea ematen zien umeei. Parte-hartzaile guztiek berdintasunean parte hartzen zutenez, adin ezberdinetako umeak ariketak batera ebazten ikustea ohikoa zen ikasketa-espazio horretan, boterezko argudiorik erabili gabe.

Ikasketa-espazioari esker, umeek ikasketa akademikoari zentzua aurkitu zioten berriz. Hala ere, espazioaren eraginak ikaskuntza instrumentalaz haratago heldu ziren. Parte hartzaile batek, esaterako,  sufritzen ari zen bullying kasua azaldu zuen Robinson Crusoe-ren TLDn. HKPko espazioan bera ausarta zela azaldu zuen, eta, TLD saio horren ostean, bere eskolako irakasleari egoera azaldu zion. Hala, ikus daiteke ikasketa-espazioan ikasitakoa gainerako espazioetara ere eraman zutela.

Bestalde, umeak emaitza akademiko hobeak izaten hasi ziren, eta haien ikasteko itxaropena handiagotu zen. Adibide aipagarriak gertatu ziren; ingelesa ikastea asko kostazen zitzaion ume batek ez zituen kasgai horren etxerako lanak egiten, ikakuntza-espazioan izan zuen interakzio bat izan arte. Bioteknologian doktore zen pertsona batek tailer zientifikoa eskeini zien ikaskuntza-espazio hartan, eta umea txundituta gelditu zen tailerrrarekin. Hantxe boluntarioa zen batek, orduan, ingelesaren garrantzia azaldu zion ikerkuntza zientifikoaren alorrean.Geroztik, umeak ahalegin handia egin zuen ingelesa ikasteko, eta eskolako lehenengo hiruhilekoan ingelesean nahiko izatetik, oso ondo izatera pasatu zen bigarrenean.

Amaitzeko, ikerketan ondorioztatu zen parte-hartzaileek konfiantza handiagoa erakusten zutela etxerako lanak egitean, guztiek emaitza akademikoak hobetu zituztela eta, bi lorpen horiei esker, ikasteari zentzua aurkitu ziotela berriro. Izan ere, ingurune dialogikoek ikasteko aukera berriak sor ditzakete, hala nola literatura-liburu klasikoetara edo alfabetatze zientifikora hurbiltzea. Parte-hartzaileek kalitatezko elkarrizketetan parte hartu zuten, ikasteko espazio aberatsean, guztien garapena sustatzen zuten bitartean.

Egilea: Ane Lopez de Aguileta

IMG-4251