Etxe-gabeziaren eragina irakurtzeko gaitasunean eta lorpen akademiko goiztiarretan

Zer-nolako efektua du etxe-gabezian egoteak umeen lorpen akademikoetan? Galdera horri erantzuteko, Luois Manfrak (2018) gaiari buruz ikertu duten 13 ikerketaren analisi sistematikoa argitaratu du Early Childhood Education Journal aldizkari zientifikoan. 

Irakurtzeko gaitasunari dagokiolarik, ez dago adostasun argirik ikertzaileen artean. Alde batetik, ikerketa batzuek agerian jarri zuten etxe-gabezia pairatu duten umeek hizkuntzan zein gaitasun motorretan lortutako emaitzak nabarmen txarragoak zirela egoera horri aurre egin behar ez zioten umeekin konparatuta. Bestalde, beste ikertzaile batzuk ez ziren ondorio horretara heldu.  

Hori horrela izanik, ezin dugu itxaropen txikia izan etxe-gabezia edo pobrezia-egoerak bizi izandako umeengan. Egia da desadostasun hori hainbat aldagairen ondorioa izan daitekeela, esate baterako: ebaluatzeko erabilitako tresnak edo metodozko hainbat bariazio.  

Lorpen akademiko goiztiarren emaitzetan ere ez dago ondorio bakar bat.  Ikerketa batzuen emaitzen arabera, ez dago desberdintasun nabarmenik etxe-gabezia pairatu duten umeen eta haien kideen artean. Beste ikertzaile batzuek ikusi dute ikasteko erritmoan desberdintasunak ager daitezkeela. 

Emaitza guztiei ikuspegi orokorrez erreparatuta, honako ondorio honetara heldu da autorea: gaiaren inguruan ez dago ondorio sendo bakar bat, beraz, ezin dugu orokortu egoera hori daukaten umeek zer-nolako emaitzak lortuko dituzten. 

Laburbilduz, emaitzek iradokitzen diguten moduan, hainbat aldagaik alda dezakete ume horien egoera, hala nola: familiaren eraginak, umearen erresilientziak edo umearen ikasketa-etapak. Gainera, arreta goiztiarraren garrantzia laguntzazko faktore gisa agertzen da aipatutako 13 ikerketetan, bereziki etxe-gabezia pairatzen duten umeen kasuan. Manfrak dioen moduan, emaitza horiek baliagarriak dira politikarientzat zein haurtzarorako laguntza-programak sortzen dituzten adituentzat, esfortzu horiek ikasle guztien mesederako bideratu ahal izango baitituzte. 

Egilea: Patricia Peña

Patricia Peña

Be the first to comment on "Etxe-gabeziaren eragina irakurtzeko gaitasunean eta lorpen akademiko goiztiarretan"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*