Hizkuntzak ikasteko ezinbestekoa da ahozko jardueretan aritzea. Ahozko interakzioak ahalbidetzen du hizkuntza erabiltzea, eta horri esker ikasten da hitz egiten. Baina kontuz: ahozko atazen eraginkortasuna ikusita, baten batek pentsa dezake, agian, idatzizko atazak ez direla hain baliagarriak. Ikerketak garbi erakutsi digu, ordea, idatzizko atazek asko lagundu dezaketela hizkuntzen ikaskuntzan. Baina nola?

Idazlan kolaboratiboak egitea da idazlanak egiteko modurik eraginkorrena. Ikerketak iradokitzen duenaren arabera, idazlan kolaboratiboak egiten direnean, ezinbestean ikasleek elkarren artean hitz egiten dute, zer esan eta nola esan eztabaidatzen dute, hizkuntza nola erabili hausnartzeko denbora gehiago izaten dute, eta, ondorioz, zorrotzago aritu daitezke. Azken finean, ikasleek beren ezagutza partekatu egiten dute, besteen eskura jartzen dute, eta elkarrekin ekoizten dute ezagutza berria. Hori guztia gerta dadin, elkarrekin egiten dituzten idazlan horiek kolaboratiboak izan behar dira. Bikoteka edo taldeka jartzea ez da nahikoa. Bestalde, beharbada argitu beharra dago idazlan bat egitea ez dela derrigorrez gai bat ematea eta ikasleek horri buruz idaztea; idazlanak egiteko modu aberasgarriagoak ere badaude.

Ahozko eta idatzizko atazak alderatzean, batik bat helduekin egin dira ikerketak, eta ondorioztatu dute ahozko atazek batez ere hiztegia lantzera bultzatzen dutela, eta, aldiz, idatzizko atazek hizkuntzaren forma gehiago lantzea sustatzen dutela. Bi zereginak dira beharrezkoak hizkuntzak ikastean, eta, beraz, bietatik egin beharra dagoela iradokitzen du ikerketak. Edonola ere, Euskal Herriko Unibertsitateko Pilar García Mayo-k eta Mondragon Unibertsitateko Ainara Imazek umeekin egin duten ikerketan emaitzak bestelakoak dira: ahozko nahiz idatzizko jardueretan, ikasle gazteenek batik bat hiztegia izaten dute hizpide, ez forma. Ziur aski, ikasleek hizkuntzaren ezagutza-maila txikia dutenean gertatzen da hori batik bat. Nolanahi den, ikertzaileek emaitzak oso pozgarriak direla nabarmentzen dute: ikasgelako interakzioak nahikoa dira ikasleek beren hizkuntza-ahalmenak fundamentuz gara ditzaten. Baina, ikertzaileek diotenez, hizkuntzaren ikaskuntza eraginkortasunez gerta dadin ezinbestekoa da interakzio kolaboratiboak izateko aukera errealak eskaintzea. 

Gakoa, beraz, ez da interakzioak izateko aukerak eskaintzea bakarrik. Gakoa, interakzio kolaboratiboak izateko aukerak eskaintzea da.

Egilea: Harkaitz Zubiri

Harkaitz Zubiri