Portugaleko Hezkuntza Ministroak, Tiago Brandão Rodrigues-ek, iragarri du Ikas Komunitateak proiektua inplementatuko dutela 50 eskola-elkartetan (100 ikastetxetan, gutxi gorabehera), eskola-emaitzak nabarmen hobetzeko eta eskola-uzte tasak txikiagotzeko xedez.

Dena hasi zen Portugaleko talde bat, Ministroa buru zuela, Europako Konferentziara joan zenean eskola-arrakasta sustatzen duten jardunbideak eta inpaktu handiena duten proiektuak ezagutzera; hau da, taldea Bruselaraino mugitu zen hezkuntzan gauzak ondoen egiten ari direnak nortzuk diren ezagutzeko, baita euren proposamenak zertan oinarritzen diren eta zer oinarri zientifiko duten ere. Bertan, aukera izan zuten INCLUD-ED europar programan jasotako hezkuntza-jarduera arrakastatsuak gertutik ezagutzeko, eta baita Ikas Komunitateak proiektua ere, munduko hainbat herritan oso emaitza onak dituena, hezkuntza-jarduera arrakastatsu horiek praktikan ipiniz. 

Berehala erabaki zuten proiektua hobeto ezagutzea, eta hura 2 urtean 10 ikastetxetan era esperimentalean gauzatzea. Epe hori bukatuta eta lortutako emaitzak ikusita (Maria João Horta hezkuntza-zuzendari nagusiaren ondokoak esan zuen bezala, eskola-errendimenduaren hobekuntzak lortu dira eta porrot-tasak txikiagotu dira), Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 100 ikastetxetan proiektua inplementatzea erabaki dute. Programa Europako Batzordearen Egiturazko Erreformetarako Zerbitzuak finantzatzen du, eta Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak eramango ditu Lehentasunezko Esku Hartzeko Heziketa Lurralde gisa identifikatutako eskoletara.

Inplementazio-prozesuak, María Vieites proiektuaren koordinatzailearen arabera, hiru jarduera-maila ditu: hasteko, irakasle-zentroetako kideen talde bati 130 eskola-ordu emango dizkiote. Pertsona horiek guztiek proiektuaren arduradunekin batera parte hartzeko aukera izango dute (Community of Research on Excellence for All,), eta prestakuntza eta sentsibilizazioa egingo dute proiektuan sartuko diren ikastetxeetan. Segituan, ikastetxe berri horien eta proiektuan zeudenen arteko sare bat sortuko da euren koordinazioa bermatzeko, elkarrekiko laguntza bideratzeko, etab., eta, azkenik, maila politikoagoan eragingo dute; bertan lan egingo dute ondo jakiteko zer aldaketa egin behar duten, bai legearen alorrean bai gobernuko egituretan, hezkuntza-jarduera arrakastatsuak hezkuntza portugaldarrean egon daitezen.

Prozesu hori guztia, María Vieites Step4SEAs-ko arduradunaren hitzetan, ez da batere bertikala, Ministerioaren ikastetxeekiko hurbiltasuna sinestezina da; benetan, zer sartu nahi duten galdetzen diete zuzenean, zein diren euren beharrak, balizko konponbideak, zer aldatu nahi duten, etab.

Programaren aurkezpenean azaldu duten bezala, Ikas Komunitateak proiektua aukeratzeko arrazoia izan da proiektuak frogatu egin duela kaltetutako ikasleek, heziketa-maila baxuko familiek, etorkinen seme-alabek edo beste ama-hizkuntza bat dutenek emaitza onak lor ditzaketela eskolan familiaren parte-hartze handiagoarekin, eta memento honetan, hain zuzen, populazio horrengan eragin nahi da gehien. Tiago Brandão Rodrigues-ek aitortu duenez, oraindik desberdintasun sozial handiak daude Portugalen, eta, beraz, garrantzitsua da horiek ezabatzeko komunitatea inplikatzen duten heziketa-ikuspegi desberdinak inplementatzea.

Portugaleko eskola-emaitzak gero eta hobeak dira, eta Ikas Komunitateak proiektuaren bidez, oraindik hobeak berehala izatea espero dute, Hezkuntza Ministroaren ustetan, “Portugalentzat aukera aparta” baita.