Urte askotan zehar genero kontzeptua sexu biologikoarekin lotu izan da. Joera horrek neska eta mutilen arteko bereizketa ezartzera bultzatu du gizartea, neskentzako gauzak eta mutilentzako gauzak daudela sinestaraziz. Ideia hori bereganatu izanak haurrak kategoria batean edo bestean sailkatzera behartu ditu. Haurrak ikastetxe-komunitatera sartzen direnerako aipaturiko ikuspegi binario hori oso bereganatua dute, etxean eta kalean izan duten sozializazio-prozesua dela eta. Izan ere, irakasleek eguneroko ekintzekin, bai jolastuz bai irakatsiz, haurren ikuspegi hori sendotu dezakete, edo nortasunaren ikuspegi zabalagoa eskaini.

The Mouse Looks Like a Boy: Young Children’s Talk About Gender Across Human and Nonhuman Characters in Picture Books artikuluaren egileak haratago joan dira. Haien ikerkuntza Haur Hezkuntzako umeak haiei zuzendutako testuliburuetan agertzen diren pertsonaia gizatiarren eta ez-gizatiarren artean generoa bereizteko gai diren aztertzean datza. Ikerkuntza aurrera eramateko erabili den galdera honako hau da: “zertan oinarritzen dira haurrak ipuinetan agertzen diren pertsonaiei (gizatiarrak edo ez-gizatiarrak) genero bat edo bestea esleitzeko?”. Beraz, artikuluaren ideia nagusia haurrek generoari buruz duten oinarria zertan datzan eta aldagarria den bereiztea izango litzateke.

Ikerketa Estatu Batuetako Rust Belt eskualdeko Haur Hezkuntzako ikastetxe bateko bi ikasgelatan eraman da aurrera. Ipuinak bi multzotan banatu dira. Lehen multzoko ipuinetan pertsonaiek ez dute generorik edo ez dago argi zein den. Horrela, haurren artean zalantza sortzen da eta horri buruz eztabaidatzen dute. Bigarren multzoko ipuinek ikuspegi binarioa kolokan jartzen dute edo genero-identitatea zuzenean lantzen dute. 

Emaitzei dagokienez, haurrak ipuinean agertzen diren pertsonaien generoa argi ez dutenez, beste faktore batzuez baliatzen dira hori definitzeko, esate baterako, koloreez, janzkeraz, ezaugarri fisikoez edo pertsonaien ekintzez. Halaber, ikasleek beharrezkoa ikusten dute pertsonaiari generoa ipintzea, pertsonaiekin identifikatuta senti daitezkeelako. Bestalde, ikertzaileek aipatzen duten puntu esanguratsuenetako bat genero-identitatearen gainean idatzitako ipuinen zein liburuen eskasiarekin lotuta dago. Generoa txertatzen duen testuliburu gutxi egoteak aniztasuna murriztera eraman dezake.

Ikerketa gutxitan erabiltzen dituzte haur-hezkuntzako haurrek testuliburuak generoa hobeto ulertzeko. Hezkuntzak funtsezko betebeharra du genero-identitatearen inguruan hezteari dagokionez. Genero-identitatearen ulerkuntzak generoa identifikatzera, kontraesanak ikustera eta eztabaidatzera bultzatzen ditu gazteak, fikziozkoak diren baina indar handia duten baliabideengandik. Genero-aniztasuna adierazten duten ipuin zein liburuek aukera ematen diete ikasleei haien barnean horren errotuta dituzten sinesmen horiek kolokan jartzeko eta uren nortasuna modu askean eraikitzeko.

Egilea: Iker Goya

Iker Goya Zapirain