Aspalditik dakigu gurasoak eskolan barne hartzeak onurak dakartzala ikasleen emaitzetan eta lorpenetan. Hainbat herrialdetan eta hezkuntza-sistematan, eskoletan gurasoen parte-hartzea sustatzea helburu nagusietako bat da, eta, aldi berean, erronka handia. Izan ere, parte-hartze horrek ikasleengan eragina izatea nahi bada, ez da nahikoa gurasoek eskolako jarduera orokorretan parte hartzea, frogatu baita beharrezkoak direla ikaskuntzarekin esplizituki lotutako jarduerak. Beraz, gurasoen parte-hartzearen kalitatean eragina duten faktoreak ezagutu beharra dago. 

Hala, Harris-ek eta Goodall-ek EPRA (Engaging Parents in Raising Achievement) proiektua aztertu zuten. Proiektuaren helburua eskoletan gurasoen parte-hartzeak ikasleen lorpenen handiagotzearekin duen lotura aztertzea izan zen, parte-hartze hori sustatzeko moduak bilatzearekin batera (batez ere, eskoletara erakartzeko zailak diren gurasoei begira). Horretarako, gurasoen, irakasleen eta ikasleen ahotsak eta ikuspuntuak bildu zituzten.

Emaitzei dagokienez, antzeman zen ikerketan parte hartu zuten pertsona guztiak bat zetozela: gurasoek eskolan parte hartzea garrantzitsua zen ikasleen ikaskuntzarako. Eskola askotan gurasoek edozertan nahastea mesedegarritzat zuten, ezberdinkeriarik egin gabe ariketa orokorretan edo ikaskuntzarekin lotuak zeudenetan bazen.

Bestalde, gurasoek parte hartzeko probabilitate gehiago zegoen hori haien seme-alaben hezkuntzan funtsezkoa zela uste bazuten. Gainera, ikasleek gurasoek emandako laguntza emozionala balioesten zutela esan zuten, hezkuntza balioestea esan nahi zuela ikusten zutelako. Halaber, ondorioztatu zen gurasoak eskolan nahasteak eragin zuzena eta positiboa zeukala ikasleen portaeran.

Eskolara erakartzeko “zailak” zirela iritzitako gurasoek elkarrizketetan aldarrikatu zuten, hain zuzen ere, eskolara heltzea zaila egiten zitzaiela, batez ere bigarren hezkuntzakoetara. Oro har, lehen hezkuntzako eskoletara joatea errazagoa egiten zitzaiela azaldu zuten.

Ikertzaileen hitzetan, gurasoek eskoletan parte hartzea faktore erabakigarria izan daiteke ikasleen arrakasta akademikoari dagokionez, eta eskoletan egin beharreko hobekuntza handienetarikoa da. Parte-hartze hori ez da gertatuko itundu gabeko esfortzurik, denborarik eta konpromisorik ez badago eskolen eta gurasoen artean. Ez da gertatuko gurasoek daukaten eragina jakin arte, eta eskolek guraso guztiak garrantzitsuak direla behin eta berriz errepikatu arte. 

Egilea: Ane Lopez de Aguileta

IMG-4251