Behin 2019-2020 ikasturtea abiatuta, eskoletan goizeko zein arratsaldeko txirrina jotzean, ikastetxeetako eskaileretan gure ikasleak gora eta behera ibiltzen dira bizkar-zorroak gainezka daramatzatela. Familiak zein irakasleok arduratu egiten gaitu haien bizkarraren osasunak, lehen haur zein gazteen artean ezohikoa zen bizkarreko mina gaur egun orokortuz doalako.

Francisco Kovacks doktorearen arabera (Espainiako bizkarreko gaitzen ikertzaileen sarearen zuzendaria eta HLA-Moncloako Kovacs Bizkarraren Unitatearen kidea), Espainian haurren bizkarreko minak ezohikoak dira, baina 10 urte dituztenetik aurrera, bizkarreko arazoen maiztasuna handituz doa. 13 eta 15 urteen artean dauden nesken % 69k eta mutilen % 51k bizkarreko minak izan dituzte noizbait. Beraz, haurrek 6 eta 10 urte dituzten bitartean gaitz hori saihesteko ohiturak garatu beharko lituzkete.

Ebidentziek argi uzten dute jarduera fisikoa maiz egitea, ariketa zein kirola, bizkarreko minak saihesteko neurririk egokiena dela. Are gehiago, Osasunaren Mundu Erakundeak 5 eta 17 urte bitarteko haur eta gazteek egunero 60 minutuko ariketa fisikoa egitea gomendatzen du. Jardueraren intentsitatea txikia ala handia izan daiteke. OMEren arabera eguneroko jarduera fisikoak aerobikoa izan beharko luke gutxienez astean hirutan. Halaber, komenigarria da ekintza indartsuetan aritzea giharrak eta hezurrak indartzeko, lokomozio-aparatu osasuntsua garatze aldera.

Serafín Romero doktorearen (Medikuen Eskolen Kontseilu Nagusiaren presidentea) arabera, bizkarreko minak saihesteko ezinbestekoa da ohitura osasungarriak izatea eta kirola egitea. Baina hori horrela gerta dadin komunitate osoak parte hartu beharko luke hezkuntza-prozesuan: familiek, eskolek, medikuek…

OMEk ariketa fisikoa egiteko giro aproposak sortzea proposatzen du, hirigunean, naturan, eskoletan nahiz komunitatean. Arreta berezia jarri beharko genuke garraio aktiboa ahalbideratzen duten azpiegituretan, eskola-bideetan edota bidegorrietan, adibidez.

Azkenik, eskoletan saia gaitezke gure ikasleek bizkar-zorroetan ahalik eta pisu gutxien eraman dezaten armairuak eskainiz liburuak bertan gorde ditzaten, edota eguneko lanerako ezinbestekoak diren materialak bakarrik garraia ditzaten saiatuz. Adituen hitzetan, bizkar-zorroaren pisuak ez du haurraren pisuaren % 10 gainditu behar.

Egilea: Iraitz Hurtado

IMG_20180314_172758