Gure gaur egungo gizarteko arazo larrietako bat preso dauden pertsonen birgizarteratzearekin lotuta dago, hots, kartzeletan helburu horrekin egiten diren programak hobetzea premiazkoa da. Gainera, Espainia Europar Batasuneko espetxeratze-tasa handienetarikoa duen herrialdea da. Hainbat ikerketak erakutsi dute presoei beren komunitateetara bueltatzeko prestatzen lagundu diezaiekeen estrategia dela hezkuntza.

Hala, Beyond the Walls: The Social Reintegration of Prisoners Through the Dialogic Reading of Classic Universal Literature in Prison artikuluan Tertulia Literario Dialogikoak (TLD) kartzelan egin zireneko esperientzia kontatzen da. Konkretuki, Kataluniako kartzela batean urte batez TLDak egin zituzten, substantzien abusuarekin loturiko arazoak dituzten emakumeentzako unitatean. 10 parte-hartzaileen adinak 25 eta 55 urte bitartekoak ziren, haietako inork ez zuen oinarrizko hezkuntza amaitu eta askok zailtasunak zituzten idazteko eta irakurtzeko.

TLDetan parte hartzeak aldaketa handiak ekarri zituen parte-hartzaileen bizitzetan. Alde batetik, elkarrizketan oinarritutako hausnarketek bakoitzaren eta taldekideen biografiei buruz gogoeta egiteko aukera eman zuen, eraldaketa pertsonalak egitea ahalbidetzen duena. Adibidez, Ionak bere kidea zen Sherezade liskarzaletzat zuen eta, oro har, arauak betetzen ez zituela uste zuen. Hala ere, Sherezadek patiora joan beharrean TLDn gelditu nahi zuela ikusita, Iona ere parte hartzera animatu zen. Gainera, emakume horiek azpimarratu zuten solasaldira joatea aukeratu zutela berdintasunezko elkarrizketa egiten zelako bertan, kartzela horretan ohikoa ez zena.

Aldaketa horrekin batera, parte-hartzaileek beren bizitzetan aldaketa onuragarriak egiteko gaitasuna zutela ikusi zuten. Emakume presoek azaldu zutenez, solasaldiko elkarrizketetan besteenganako itxaropen handiko klima sortu zen, hau da, bakoitzak kideen aldatzeko gaitasunean sinestea sustatu zen. Ildo horretatik, beraz, emakumeek bazterketa saihesteko eta bizitza pozgarria izateko abilezia zutela konfiantzaz baiezta zezaketen. Ionaren hitzetan, “zuk egin dezakezula uste duten pertsonak ikustean, eta zugan sinisten dutenean, esaten duzu: tira, pertsona horrek nik egin dezakedala badio, behintzat saiatu egingo naiz”.

Era berean, TLDetan guztien ekarpenak modu berean kontuan hartzen zirenez, eztabaidetan egon gabe, parte-hartzaileek euren buruaz zuten kontzeptua ere aldatu zuten. Solasaldietan erabiltzen zen komunikatzeko era hori kartzelatik kanpo daudenean ere erabiltzeko desioa azaldu zuten zenbait emakume presok; izan ere, egungo lan-merkatuan eta gizartean hain garrantzitsuak diren komunikazio-prozesuak kontuan hartuta, TLDetan modu profesionalagoan mintzatzen ikasteko balio izan zien.

Amaitzeko, parte-hartzaileetako batek honela laburbildu zuen Tertulia Dialogiko Literarioetan parte-hartzeak harengan izan zuen eragina: “solasaldian parte hartu aurretik, ez nuen neure buruarengan sinesten. Solasaldian hasi nintzenetik, konfiantza handiagoa dut neure buruarengan eta neure aukeretan gehiago sinesten dut. Azken finean, kanpotik, guztiek dauzkate kartzelan dauden pertsonei buruzko aurreiritziak, eta ezer egiteko ez duzula balio uste dute. Klasiko horiek irakurtzean, nire kideak entzutean eta egiteko gai garena ikustean, elkar errespetatzen dugunean… Orain, uztailean, seguru aski kartzelatik aterako naiz, eta unibertsitatera sartzeko helduentzako hezkuntzan emango dut izena. Gizarte-langilea izan nahiko nuke, eta beste kartzela batzuetan lan egin, hango presoei laguntzeko”.

Egilea: Kaiera

Kaiera Logo (K)