Askotan jai-giroan gertatzen diren erasoak ezagun batek egiten ditu, gune sozialetan, inguruan beste pertsona batzuk daudenean.

Baina zerk eragiten du pertsona batek indarkeria ez identifikatzea, lekukoak indarkeria horri aurre ez egitea eta, horrela, eraso hori ez saihestea? Edo, behin gertatuta, biktima errudun sentitzea, inguruko jendeak errudun sentiaraztea edo biktimari salatzen ez laguntzea?

McMahon eta Farmerren arabera, eragin handia duen faktoreetako bat bortxakeriaren mitoak dira, biktimaren erantzukizuna hautematea. Mito horien arabera, pertsona batzuek ondoko sinesmenak defendatzen dituzte:

Berak eskatu zuen, merezitakoa izan zuen. Biktimaren jokabideak erasora bultzatzen dituelako sinesmena, hau da, janzkera zehatz bat eramatea edo mutil batekin gela batera joatea bere errua da bortxatua izanez gero.

Ez zen benetako bortxaketa izan. Hori erabiltzen da bai biktimari errua leporatzeko edo erasotzailea desenkusatzeko. Horren arabera, erasotzaileak ez badu indarkeria erabili, edo erresistentzia fisikorik ez badu izan, edo ezetzik ez badiote eman, ez da bortxaketa.

Berak gezurra esan zuen. Neska batzuk bortxaketa dela asmatzen dute: nahiz eta hasieran harremana onartu, gero damutu egiten direlako; edo arazo emozionalak dituztelako; edo mutil-laguna engainatzen harrapatzen dutelako. 

Berak ez zuen bortxatu nahi. Ez zuen nahi, baina ezin izan zen gelditu harremana hasi eta gero. Mutil batzuen sexu-bulkada ezin da kontrolatu.

Berak ez zuen bortxatu nahi baina gehiegi edan zuen, ez zen erantzulea, nahi gabe egin zuen. Eta biek edan bazuten, are gutxiago. Alkoholak ez du berdin funtzionatzen nesken edo mutilen kasuan. Edaten duena neska bada, bere erantzukizuna da topatu duen egoera. Mutila bada, ez du erantzukizunik.

Alde batetik, mito horien onarpenak ondoko ideiekin dauka lotura: amodio-kontu esporadikoetan ez dago indarkeriarik, askatasuna baizik; genero-rolen ideiaren arabera, mutilen agresibitatea naturala da; botere-harremanen onarpena.

Hori guztia dela eta, genero-indarkeria saihesteko ideia horiek gainditu behar dira eta mitoak landu behar dira indarkeria identifikatzeko, lekukoek esku hartzeko jarrera bultzatzeko eta biktimari laguntzeko. 

Lanketa hori, batzuetan, neskekin alde batetik eta mutilekin bestetik egitea da gomendagarria, ikusi delako neska baino mutil gehiagok onartzen dituztela mitoak eta mutilek esku hartzeko borondate txikiagoa daukatela. 

Egilea: Mª Luisa Jaussi

Jaussi