Gorputz Hezkuntza (GH) arloa ardatz gisa onartzeari edo curriculumean ordu gehiago izateari buruzko egungo eztabaidaz haratago, ahaleginak indar handiagoz bideratu beharko lirateke kalitatezko GH aldarrikatzera. Nazioartean aho batez onartutako kalitatezko hezkuntzaren definiziorik ez dagoen arren, adierazle fidagarrienetariko eta onartuenetariko bat hezkuntza-jardunbide guztiak ebidentzia zientifikoetan oinarritzea da.

GHren arloaren bidez Kantabriako haurrei ahalik eta hezkuntza onena eskaintzeko ametsarekin, 2015. urtean ebidentzia zientifikoetan oinarritutako GH ereduari buruzko ikerketa hasi zen arlo horretako hezkuntza-arrakasta demokratizatzeko, eta aztertu nahi zen ea eredu horrek eraginik izan dezakeen gai instrumentaletan nahiz ikastetxeetako bizikidetzaren hobekuntzan. Eredu hori, amaierako fasean dagoen doktorego-tesi baten emaitza dena, posible izan da ekarpen zientifikoen, ikasle eta familien iritzien, boluntario parte-hartzaileen, irakasleen eta beste ikertzaile batzuen etengabeko elkarrizketari esker.

Norberaren Erronkak Erantzukidetasunean (NEE) da eredu inklusibo horren izena. Filosofia inklusiboaren printzipioak hartzen ditu oinarri –presentzia, parte-hartzea, aintzatespena, onarpena eta arrakasta-, baita ikaskuntza dialogikoaren printzipioak ere –berdintasunezko elkarrizketa, adimen kulturala, eraldaketa, dimentsio instrumentala, zentzuaren sorkuntza, elkartasuna eta desberdintasunen berdintasuna-.

Ereduaren helburua da ikasle guztiek kalitate handieneko ikaskuntza izatea eta aukera-berdintasunetik emaitza-berdintasunera aurrera egitea itxaropen handian oinarritutako hezkuntzaren bidez, ikaskuntzarako oztopo izan daitezkeen beharren eta zailtasunen arabera intentsitate handiagoko laguntza-sareak eratuz, elkarrekintza dialogikoak eginez eta indarkeriarik gabeko espazioak sortuz.

NEE ereduak kontuan hartzen du edonolako indarkeriarik gabeko espazio seguruak sortzeko beharra. Horregatik, oinarrietan indarkeriaren sozializazio prebentiborako nazioarteko gomendioak biltzen ditu: irakasleen kontzientzia eta konpromisoa handitzea jazarpen-egoerekin eta genero-gaiekin lotuta, indarkeria arinkeriarik gabe ikusaraztea, pentsamendu kritikoa lantzea, komunitatea nahastea, elkarrizketa-espazioak sortzea, upstander pertsonak ahalduntzea, laguntasun-harremanak sustatzea eta berdintasunezko maskulinitate-ereduak bultzatzea, besteak beste.

Kalitatezko hezkuntzak ondorioak ditu eskola-munduan:

Ikasturte honetan elkar errespetatzen ikasi dugu (6. mailako ikasle baten oharra).

Gauza pentsaezinak lortu ditugu (2. mailako ikasle baten oharra).

Minutu guztiak aprobetxatu ditugu eta horregatik lortu ditugu helburu asko (5. mailako ikasle baten kontakizuna).

Gauza gehiago lortu genituen, beste modu baten egingo ez genituenak (5. mailako ikasle baten kontakizuna).

Ona da gehien dakitenek gutxien dakitenei laguntzea. Azkenean, guztiok lortu genituen helburuak (6. mailako ikasle baten oharra).

Ondo dago guztiok emaitza berera heltzea, horrela guztiok garelako berdinak eta gehien dakitenek laguntza eman dezaketelako (6. mailako ikasle bati egindako elkarrizketa).

Haurren munduan ere ondorioak izan ditu:

Guztiok izan ditugu arrakastarako aukerak (4. mailako ikasle baten oharra).

Apur bat harritu naiz, izan ere, N. ez zen oso lagun handia eta, sokasaltoan lagundu didanez, asko handitu da gure arteko harremana (2. mailako ikasle baten kontakizuna).

Elkar babesten ikasteak eta elkarri laguntzeak bizi osorako balio digu (5. mailako ikasle baten kontakizuna).

Eta irakasleak ikasleen eraldaketen partaide egiten ditu. Kontakizunen laburpen hauek kasu batzuetan pertsonen bizitza hobetzen laguntzen duten eraldaketa horietako batzuk erakusten dituzte:

Lehenengoz hartzen da kontuan gure iritzia, adiskidetasunaren sustapena, berdintasuna, tolerantzia eta errespetua (…) Gehien indartu nauen gauzetako bat beldur ez izatea izan da, txarto egitearen beldur, besteek barre egitearen beldur, ariketak gainerakoek bezala ez egiteagatik liskartzearen beldur (…) Gorputz Hezkuntza ez gorrotatzea lortu duzu (Batxilergoko 1. mailako ikasle baten kontakizuna).

Lehen eskolan ez nintzen ezaguna. Orain guztiek ezagutzen naute akuilu-makuiluekin egiten dudanari esker, eta jolas-orduan laguntza eskatzera etortzen zaizkit (Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasle baten kontakizuna).

Hasierako ametsa Bartzelonara eta Valentziara hedatzen ari da, eta gero eta ikasle gehiagok dute GH eraldatzaileaz gozatzeko aukera hezkuntza-etapa eta -maila guztietan.

Egilea: Jose Manuel Castanedo

Joseì