Gaur egun, badira zenbait ikerketa biolentzia eta erakargarritasuna lotuta daudela baieztatzen dutenak. Ildo beretik, Rebellon eta Manassek delitugintzak eta erakargarritasunak duten lotura aztertu zuten. Ikerketa horretan, harreman gehiago izatearen, erakargarritasunaren eta delinkuentziaren arteko korrelazioa nabarmendu ziren. Ebidentzien arabera, delitu egiten duten mutilak, haien estatusa areagotzeaz gain, interesgarriagoak bihurtzen dira neskekin harremanak izateko. Gainera, joera horrek errefortzu gisa jarduten du: harremanetan delitugileak bezain arrakastatsuak izateko, gainerako mutilek haien moduko portaerak izateko aukerak areagotzen dira.

Adituen arabera, neskek mutil delitugileak erakargarri ikus ditzakete haien jokaerak autokontrol eza adierazten duelako eta sexu-promiskuitatearekin erlaziona dezaketelako.

Ildo beretik, beste ikerketa batean, Giebel eta kideek azpimarratzen dute jokabide agresiboa duten gizonak desiratzen dituztela epe motzerako harremanak izateko, dominazioaren eta erakargarritasunaren arteko lotura erabat zuzenekoa baita. Ikertzaileen arabera, eredu horiek aukeratzen dituzten emakumeek desinhibiziozko edo aspergarriak ez diren harremanak bilatzen dituzte oro har.

Horrekin lotuta, aurretik egunkari honetan argitaratu denez, ikerketak frogatu du diskurtso hertsatzailea existitzen dela, zeinean erakargarriak eta estimulatzaileak balira bezala aurkezten diren eredu bortitzak edo dominanteak; eta horrelakoak ez direnak, aldiz, ahulak balira bezala. Diskurtso hori filmetan, abestietan, sare sozialetan, interakzioetan eta telebistan ageri da.

Beraz, diskurtso hertsatzaile horren eraginagatik maskulinitate-eredu horiek, hau da, agresiboak eta menderatzaileak direnek, nesken artean arrakasta handia izaten dute. Hori dela eta, maskulinitate-eredu hegemoniko horiek harreman esporadikoak izateko hoberenak balira bezala antzematen dira. Lotura horren ondoriorik latzena genero-biolentzia izan daiteke, besteak beste. Diskurtso hertsatzaile horrek indarkeriazko harremanak izatera bultzatzen du, batez ere harreman esporadikoetan.

Mutil zintzoen kasuan, berriz, neska gehienek harreman luzeak izateko hoberenak direla antzematen dute, baina diskurtso hertsatzaile horretatik at dauden neskek edonolako erlazioa izateko aukeratuko lituzkete mutil zintzoak. Horrek esan nahi du neska horientzat biolentoak ez diren mutilak erakargarriak direla.

Beraz, ondorioz, esan dezakegu biolentzia prebenitzeko lanetan biolentziaren eta erakargarritasunaren arteko lotura kontutan hartzea ezinbestekoa dela, baita diskurtso alternatiboa sortzea ere. Horretarako, elkarrizketarako eta interakziorako guneak sortu behar dira nerabeekin, biolentoak ez diren erakargarritasun-ereduak garatu ahal izateko.

Egilea: Garazi Alvarez

garazi alvarez