Haurren hazkuntzan ondo lo egiteak funtsezko garrantzia du garapen kognitibo egokirako. Hala ere, sortzen diren arazoak loaren ezaugarriei (ohean iragaten den denbora, loaren iraupena, zenbatean behin egiten den lo eta loaren eraginkortasuna) ematen zaien balio txikiarekin lotuta daude. Izan ere, haur eta nerabeen osasunarekin loturiko zenbait egoerek, esate baterako, antsietateak, depresioak edo obesitateak, eragin zuzena dute gazteen loaren garapenean. Osasun-zerbitzuek gomendatzen dutenaren arabera, 5 urte dituztenetik 13 urte izan arte, haurrek 9 eta 11 ordu bitartean egin behar dute lo gauean; 14-17 urteko haurrek, berriz, 8 eta 10 ordu bitartean. Bestalde, jarduera fisiko eskasa egiteak ondorio fisiko zein mental kaltegarriak ekar ditzake.

Loa eta jarduera fisikoa jarrera desberdin gisa ikertu dira historian zehar. Hala ere, gero eta interes handigoa sortzen ari da bi horien arteko lotura-puntu bat aurkitzeko. Bi-directional association between sleep and outdoor active play among 10-13 year olds artikuluaren funtsa, hain zuzen ere, lotura hori bilatzean datza. Jarduera fisikoaren aldetik OAP (Outdoor Active Play) jarduera aukeratu dute. OAP espazio irekietan egiten diren jarduera fisikoen multzoa da (jolastokian, kalean, etab.), eta gehienetan ez du pertsona heldu baten gainbegirapenik behar.

Ikerketaren helburua da egunean zehar bildutako OAP kopuruak gauean loaren ezaugarriekin eraginik duen aztertzea. Hori aurrera eramateko 10 eta 13 urte bitarteko 433 partaideren laguntza izan dute. Datuak eskuratzeko, hainbat baliabide teknologiko eta bestelako baliabideak erabili dituzte: azelerometroa (ekintza fisikoa aztertzeko), GPSa duen erlojua (partaideen kokapena jakiteko) eta eguneko ekintza bakoitza idazteko erabiltzen ziren erregistroak. Datuak bildu eta aztertu ostean, ikertzaileek ez dute erlazio esanguratsurik aurkitu aurrera eraman den prozesuan.

Artikulu hau lehenetarikoa da loaren eta jarduera fisikoaren arteko lotura ezartzen. Ondorio nagusi gisa, emaitzek diotena aintzat hartuz, ikerketa-lan handiagoa egin behar da. Hurrengo ikerketetarako proposatzen diren hobekuntzak eta aldaketak, batetik, jarduera mota desberdinak egitea da eta, bestetik, datuak biltzeko beste baliabide batzuk erabiltzea. Nahiz eta artikulu honetan emaitza azpimarragarririk ez lortu, ezin da baztertu bi kontzeptu horiek erlazionatzen dituen ideia.

Egilea: Iker Goya

Iker Goya Zapirain