Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak salerosketaren biktima izan daitezkeen gazteak identifikatzeko zailtasuna salatu du, pertsonen salerosketaren aurkako nazioarteko egunean (uztailak 30). Erakundeak espainiar gobernuari eskatu dio lanerako, sexurako edota eskean ibiltzeko salerosketa-sareen biktima izan daitezkeen gazteak identifikatzeko tresnak hobetu ditzan.

GKEren arabera, 2018an arriskuan egon zitezkeen 9315 pertsona identifikatu zituzten segurtasun-indarrek. Hala ere, horietatik, 238 baino ez zituzten salerosketaren biktima gisa identifikatu, eta horietatik, 14 ziren adingabeak, nahiz eta joan den urtean Gibraltarreko itsasartea atzerriko 6991 adingabek zeharkatu zuten laguntzarik gabe.

Save The Childrenen zuzendariaren ustez, Espainiako agintariak ez dira biktimak antzemateko gai. Berez, biktimak gobernuak emandako kopurua baino askoz gehiago dira eta hori gertatzeko arrazoietako bat agenteek haurrei egiten dizkieten elkarrizketen zehaztasun-maila eskasa da. Izan ere, haurrekin izandako lehenengo harremanean egiten diren elkarrizketa horiek eraginkorrak izateko, haurtzaroaren ikuspegitik egin beharko lirateke.

Mafiek bahitutako haurren kopurua kalkulatzeko nahitaezko ebidentzia da “ihesaldian” dauden 1293 adingabeak. Haur horiek babes-etxe ofizialetan egonak dira, eta orain leku ezezagunen batean daude. 2013tik hona, 55 haur eta gazte baino ez dira identifikatu salerosketaren biktima gisa.

Save The Childrenek harrera-protokoloa eskatzen du identifikatu ahal izateko, batez ere, kalteberatasun bereziko egoeran dauden gazteak, jatorrizko herrian biolentzia jasan dutelako edo txirotasun-egoeran zeudelako migratu duten gazteak, hain zuzen. Horretarako, Nazio Batuen Erakundeen gomendioei jarraituz, adingabeen goi-mailako interesak bestelako egoerek baino lehentasun handiagoa izateko, poliziak haien adina zehazteko erabiltzen dituen prozedurak aldatzeko eskatzen du Save the Childrenek, hau da, haur zein gazteak babesteko estatu-mailako “estrategia integrala” aldarrikatzen du erakundeak.

Save the Childrenek “Contando los pasos” txostena aurkeztu zuen maiatzean. Txostenak arreta jartzen du salerosketa-sareen biktimak diren adingabeengan; bakarrik, familiarik gabe, bidaiatzen dutenengan; eta nazioarteko babesa behar duten umeen egoeran. Espainiako Atzerritarren Fiskaltzaren datuen arabera, salerosketa-mafiek bereganatutako umeak lan-esplotaziora bideratzen dira, eta Asian, Vietnamen, Pakistanen, Indian edota Txinan dute jatorria gehienbat.

Egilea: Iraitz Hurtado

Iraitz_kaiera