Naizen elkarteari elkarrizketa: “gure seme-alaben errealitatea ikusarazi, gizarteratu nahi genuen”

Naizen Elkartea 2019. urtean sortu zen, nahiz eta 2015etik martxan ari diren, Euskal Herriko adingabe transexualen familien artean laguntza eta heziketa ematen. Kaieran, elkartearekin elkarrizketan aritu gara, haren funtzionamendua eta hezkuntza-mailan egiten duten lana ezagutzeko helburuarekin.

– Nola sortu zen Naizen? Zeintzuk dira haren helburuak? 

2015ean jaio ginen Chrysallis Euskal Herria izenarekin, estatuko Chrysallis elkartearen ordezkaritza gisa. Oso denbora gutxian, 8 familia izatetik 100 familiatik gora izatera pasatu ginen. Orduan, ordezkaritza izan beharrean, Chrysallisetik irtetea eta elkarte propioa sortzea erabaki genuen: orduan sortu zen Naizen, 2019ko urtarrilean. Baina, berez, 2015etik ari ginen lanean. 

Gure helburu nagusia familien arteko elkartasun-sare bat egitea zen, eta horretarako sortu zen Naizen, gure artean, ibilbide honetan laguntza emateko. Azken finean, zu pasatzen ari zarena pasatu du beste batek, eta horrek baino hobeto ezin dizu inork lagundu.

Helburu horrekin batera, gure seme-alaben errealitatea ikusarazi, gizarteratu nahi genuen. Izan ere, transexualitatea beti existitu izan da, kultura guztietan, garai historiko guztietan. Baina adingabeen transexualitateari buruz ez da inoiz ezer aipatu, ez da inoiz ezer jakin 2012-2013ra arte, familiak elkartu ziren arte. Momentu horretan, komunikabideen bitartez albisteak sortzen hasi ginen, nolabait errealitate hori ikusarazteko, baita hitzaldi irekien bidez ere. Horrela, gaiari buruz hitz egiten hasi zen, eta pixka bat gizarteratzen. Kate bat sortu zen, bai komunikabideen artean, bai udaletxeen artean. 

Naizenen hirugarren zeregina formakuntza ematea da. Izan ere, eskaerak iristen hasi zitzaizkigun: pediatrei formazioa emateko, irakasleei… edo adingabeekin lan egiten duten beste edozein kolektibori. Orduan, elkarteko zenbait gurasok prestakuntza egin genuen eta horretan hasi ginen. 

Azkenik, bide honetan topatu ditugun oztopoei aurre egiteko, lan politikoa egitea ere egokitu zaigu: lege-mailan edo alderdi politikoetan aldarrikapenak egin ditugu gure seme-alaben bizitza errazagoa egiteko, edo, behintzat, besteek izan dituzten eskubide berberak izateko. Alde horretatik, lorpen handiak egin ditugu denbora honetan, bai osasun-mailan ematen den arretan, bai hezkuntza-mailan, izen aldaketarako… eta horretan jarraitzen dugu orain. 

– Eta eskola-mailan, nolako laguntza ematen du elkarteak umeen ongizatea sustatzeko/bermatzeko? 

Guk egiten dugun lana familiekin izaten da. Familia berri bat gerturatu egiten da elkartera. Oraindik, gehienetan erdi shock egoeran egoten dira. Orduan, babes emozionala ematen diegu, hau zer den azaldu, zein aukera dauden. Hortik aurrera, haur edo gazte hori prest baldin badago bere transitoa egiteko, hau da, bera den moduan bizitzeko eta denen aurrean horrela agertzeko, zutabe nagusienetako bat eskola izaten da, batez ere txikien kasuan, familiaren ostean oso eremu garrantzitsua baita. Momentu horretan egin ohi duguna da familiari ematea Berdindu Eskolak zerbitzuaren, Eusko Jaurlaritzak duen protokoloaren, telefonoa, ikastetxetik horra dei dezaten. Ikastetxeek Berdindu Eskolak zerbitzura deitzen dutenean, guk bitartekaritza-lana egiten dugu, familien eta zerbitzuaren artean. Horrela, formakuntza ematen zaie ikastetxeko irakasle guztiei eta, familiarekin eta adingabearekin adostu eta gero, gelan landuko da haren erritmoari jarraituz. Gehienetan, Lehen Hezkuntzan, tutoreak egiten du lanketa, erraza izaten da ipuin baten edo horrelako zerbaiten bidez. DBHn, Berdindu Eskolake-ko sexologoek egiten dute lanketa gelan, eta hortik aurrera haurraren beharrei erantzuna ematen hasten zaie protokolo horren arabera. 

Arazoa da hori bakarrik jar daitekeela martxan ikastetxean kasuren bat badago, eta askotan ez dago ageriko kasurik. Askotan, susmatzen dute baten bat egon daitekeela edo egunen batean ager daitekeela. Izan ere, azken datuen arabera, 1.000 jaiotzatatik 1ean jaiotzako sexua ez dator bat esleituko zaionarekin. Horren arabera, ikastetxe guztietan agertuko da kasuren bat momenturen batean. Zer gertatzen da kasu horiekin? Guk formakuntzak eskaintzen ditugu programa horretan sartu ezin diren eskolentzat. Guk ikusten duguna da jakin-min handia dagoela, interes handia dagoela irakasleen partetik, batez ere LHn. Baina informazio gutxi jasotzen dute. Kontuan izan behar dugu gaur egun adingabeeen transexualitateari buruz ez dela ezer egiten eta ikasten ez irakasleen eskolan, ez medikuntzan, ez psikologian, ez gizarte-hezkuntzan… Euren lanbideetan halako kasuekin harremanetan egongo diren profesionalei ez zaie formaziorik ematen. Informazio ezaren ondorioz, askotan eskolek beren kabuz eskatzen digute formakuntza. Kasurik ez egon arren, prest egon nahi dute agertzen denean ondo bideratu ahal izateko, laguntza izateko. 

– Etorkizunari begira, hori izan daiteke erronka bat? 

Bai, guk eskatu ditugun lege-aldaketen artean, eskatu dugu hori guztia Curriculumeam sartzeko. Hau da, unibertsitatean irakasteko eta baita eskoletan txikitatik sartzeko ere, familia anitzak sartu diren bezala. Zeharka, oso modu naturalean, txikitatik ikasten bada, ez da lanketa berezirik behar izango nagusiagoak direnean, barneratuta izango dute eta. Esan bezala, gaur egun familia anitzekin gertatzen den bezala, txikienek ikusi egin dute eta normaltzat hartzen dute norbaitek ama bi edo aita bi izatea. Gai honekin berdin. Esatea: mutil gehienek zakila daukate neska gehienek alua daukate, baina batzuetan hori ez da horrela. Horrela, ez zaie arrotza egingo, helduoi egiten zaigun bezala. 

Be the first to comment on "Naizen elkarteari elkarrizketa: “gure seme-alaben errealitatea ikusarazi, gizarteratu nahi genuen”"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*