Argitaratu berria den ikerketan, Verlemoy Rydland-ek eta Vibeke Grober-ek aztergai izan dute nolakoa den ikasleek duten irakurmen-maila berdinen arteko eztabaidaren aurretik eta ondoren. Zehazki, bakarkako irakurketaren ondoren egiten diren berdinen arteko eztabaidek ea testuen ulermena areagotu dezaketen aztertu dute. Osloko Unibertsitateko ikertzaileek Norvegiako hainbat eskolatako 21 ikasgela eleanitz aztertu dituzte. Guztira, bosgarren mailako 102 ikaslek parte hartu dute ikerketan, eta ikasle horietako askorentzat ikasgelako hizkuntza beren bigarren hizkuntza zen.

Ikerketa egiteko prozedura honako hau izan zen: parte-hartzaileek ikasgelan egindako saio batean parte hartu zuten. Horretan, berotze globalari buruzko testuak landu zituzten, eta gaiarekin lotutako hainbat testu irakurri eta gero ikaskideen arteko eztabaidak sustatu ziren. Ikasgeletako saioek bi orduko iraupena izan zuten eta bost pausu hauei jarraitu zitzaien: ikasleek gaiari buruz zuten aldez aurreko ezagutza landu zuten, gero banakako irakurketa egin zuten, ondoren eztabaida aurreko ulermena aztertu zuten, segidan berdinen arteko eztabaidak egin zituzten, eta azkenik eztabaida ondorengo ulermena aztertu zuten. 

Rydland eta Grover ikertzaileak ondorio hauetara iritsi ziren: 

  • Taldekako eztabaidetan ikasleek euren baieztapenak defendatzeko ardura hartu zutenez, berdinen artean egin ziren eztabaidek lagundu egiten zuten bakarkako irakurketaren ondoren ulertu zutena areagotzen. 

  • Berdinen arteko eztabaidetan sortzen diren adostutako argudioak bezain garrantzitsuak dira kontrako argudioak, irakurritako testuen ulermenean aurrera egiteko.

  • Irakurtzeko jariotasuna, hiztegia eta gaiari buruzko ezagutza oso garrantzitsuak izan daitezke, baina horiek bakarrik ez dira nahikoa lehen hezkuntzako ikasleen irakurmena sustatzeko eduki-arloetan.  

Hortaz, esan daiteke berdinen arteko eztabaidek garrantzi handia dutela ikasleen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan. Izan ere, plazaratu berri den ikerketa honek agerrarazi du banakako irakurketaren ondoren egiten diren berdinen arteko eztabaidek irakurritako testuaren ulermena sustatzen dutela.

Egilea: Ane Olmedillo

Ane Olmedillo berasategi