Francisco Giner de los Ríos (Ronda, 1839-Madril, 1915)  pedagogo, filosofo eta saio-idazle espainiarra izan zen.

Julián Sanz del Rioren eskutik, Giner de los Ríosen maisua, Karl Christian Friedrich Krause germaniar filosofo idealistaren pentsamendua heldu zen Espainiara, nahiz eta garai hartan Alemanian haren eragina itzaltzeko bidean zegoen. Julián Sanz del Ríok krausismoan Espainiako gizartea eta politika eraberritzeko oinarria aurkitu zuen. Planteamendu liberal horri higikundea edo erregenerazionismoa deitu zioten.

Krausismoak aldarrikatzen zuen Estatuak eragina eremu politikora murriztu beharko zuela eta, doktrina liberala zen neurrian, erlijioa, ekonomia, kultura, zientzia, artea, legegintza, morala eta beste esparru batzuk erakunde independenteei utzi beharko zizkietela. Horrela, Giner de los Ríosek krausismoa pedagogiaren alorrera ekarri zuen, eta 1876an Institución Libre de Enseñanza (Heziketa Libreko Erakundea) sortu zuen Madrilen, Nicolás Salmerón, Segismundo Moret, Gumersindo de Azcárate, Rafael María de Labra eta beste intelektual batzuekin batera.

Ensayos sobre educación y enseñanza idatzi zuen, eta bertan ideia berritzaileak bilduzituen, Rousseau, Pestalozzi, Krausse eta Froebel pentsalariak eta zientziaren aurrerapenak kontuan hartuz. Gizakiaren prestakuntza integralaren aldekoa zen (dimentsio intelektuala, estetikoa, morala eta gorputzekoa batera lantzea aldarrikatzen zuen, espezializazio guztien gainetik). Instrukzioaz arnegatzen zuen, eta ikasketa aktiboaren, naturarekiko harremanen, sormenaren, jolasen, arteen bidezko prestakuntzaren eta heziketa zibikoaren aldekoa zen, besteak beste.

Proposamen horiek islatu zituen Institución Libre de Enseñanzan. Erakunde hori pedagogia zientifikoan oinarritu nahi zuen, horren helburu nagusiak honako hauek izanik:

  • Ekintza hezitzailea bideratzea ikasleengan izaera morala sorraraztera eta nortasun indibiduala garatzera, ikasleak erlazio guztietan molda zitezen.

  • Ikasleek zenbait balio garatzea: legeei obeditu, sakrifizioa balioetsi, abertzale zintzoa izan, lanerako maitasuna izan, gezurra gorrotatu eta zuzentasun-espiritua izan, eta tolerantzia erakutsi.

Bertako printzipio pedagogikoen artean daude buruz ikasteko metodoa errefusatzea, sariak eta zigorrak gaitzestea, etengabeko ebaluazioa, jolasen balioak goraipatzea hezkuntza printzipio eta baliabide gisa (bereziki kirola eta jolasak aire zabalean), eta ikasketaren oinarritzat ekinbidea hartzea: ikaskuntza ekintzaren bidez garatzen da. Haurra ikasketaren protagonista izan behar da. Bestalde, irakasleek prozedura sokratikoa aplikatzeko eskatzen zuten, ikasleei lan egiten ikasten irakasteko.

Institución Libre de Enseñanza proiektuak hirurogei urte iraun zuen, eta gizaki berriaren ideala sortzen ahalegindu zen. Hasieran unibertsitate-ikasketak bakarrik ematen zituzten, eta geroago bigarren eta lehen hezkuntzara zabaldu zituzten. Gerra Zibilera arte erakundeak funtsezko papera izan zuen berrikuntza intelektual eta kulturalean, Espainiara ekartzeko Europan garatzen ziren ideia eta teoria pedagogiko berriak.

Egilea: Alfonso Caño