Irailaren 18tik 25eraBizkaia Zientzia Plaza (BZP) ekitaldia egingo da Bilbon. Zazpi zientzia egun horietan ezagutza zientifikoak transmititu, gai zientifikoei buruz hitz egin, zientzia ikastea eta zientziaz gozatzea nahi dute BZPren antolatzaileek. Hitzaldi bana antolatu ditu Bidebarrieta zientifikoak BZPri hasiera eta amaiera emateko, irailaren 18an eta 25ean, hain zuzen, Bidebarrietako liburutegian.

Irailaren 20an eta 21ean, ezagutza zientifikoak modu errazean zabaltzeko asmoz,  Naukas Bilbaoren bederatzigarren edizioa egingo da UPV/EHU Kultura Zientifikoko katedraren eskutik. Goizeko 10etatik arratsaldeko 20ak arte,10 minutuko hitzaldi laburren bitartez, askotariko jakintza-arloekiko jakin-mina pizten ahaleginduko dira hizlariak.

Aipagarriak dira ikastetxeetako eta institutuetako ikasleentzat aste osoko programaren barruan dauden Naukas Kids eta zientzia Swow ekimenak. Naukas Kids programaren eskutik umeek eta gazteek zientziaz gozatzeko aukera ezin hobea izango dute irailaren 22an EHUko Bizkaia Aretoan.

Adinaren araberako lau tailer antolatu dituzte: iraganeko indusketak, joko erraldoia, itsas biologia eta DNA detektibea. Tailer horietan parte hartzeko ez da izenik eman behar. Aldi berean, adinaren arabera ere antolatuta, lau esperientzia egingo dira: Kepa Eurekaren esperimentuak, harritzeko esperimentu zientifikoak; Geek&Freak Science, superheroien eta bideo-jokoen bitxikeriei buruz ikasteko; Formula student, lehiaketa monoplaza bat ikusteko; eta Izarretara bidaia, izarrak ezagutzeko.

Goiza amaitzeko, Zirkua eta zientzia ikuskizun zientifikoan ezohiko metodoaz baliatuko dira zientzia irakasteko ikuskizunaren gidariak. Adin guztietarako izango da, Mitxelena aretoan.

Bestetik, Zientzia show ekimenean antolatzen den ikasleei zuzendutako zientzia-monologoen lehiaketaren finala ikusteko aukera izango dute DBHko 3. eta 4. mailako nahiz Batxilergoko ikasleek. Irailaren 19an izango da, Euskalduna Jauregiko 0C gelan. Honako hauek dira sei finalistek egindako monologoak: Dimensiones, tiempo y teoría de cuerdas; Mi gato sabe mucha física; El raro de Schrödinger; Estados físicos; Amor y agujeros; Las personas no humanas.

Era berean, irailaren 19an, arratsaldeko 17:00etan, zientziaren alor profesionalaren inguruko hainbat ikuspuntu emango ditu Naukas PRO ekitaldiak Euskalduna Jauregiko 0E aretoan. Esparru zientifikoko enpresa arduradunek, ikerketa zentroetako kideek eta zientzialari esanguratsuek 20 minutuko hitzaldiak emango dituzte ikus-entzule guztientzat. Esperientziak partekatuko dituzte, beren lana zein den azalduko dute eta berrikuntza deigarrienak ezagutzera emango dituzte.

BZP, Bizkaian zientzia arnasteko eta gozatzeko egunak, ez galdu aukera!

Egilea. Isabel Mendizabal

IMG_-ua20bk