Umorea jarduera sozial garrantzitsuenetako bat da, eta hainbat adinetako pertsonek beren egunerokotasunean gozatzen dute horretaz. Gizakiok umore mota edo estilo ugari erabiltzen ditugu beste pertsona batzuekin erlazionatzen garenean. Hala ere, ezer gutxi dakigu umorearen esperientziak gizabanakoaren garapenean duen eraginari buruz. 

Huang, Gino eta Galinsky ikertzaileek egin zuten ikerketa batean sarkasmoa aztertu zuten, sarkasmoak gatazkarekin eta sormenarekin duen erlazioa aztertzeko helburuarekin (beste hiru umore motak afiliatiboa, norbere burua hobetzekoa eta automespretxua dira). Sarkasmoa umorearen eta kontrako esanahia duen lengoaiaren bitartez mezuak komunikatzeko espresioak erabiltzea da; adibidez, irakasle batek ikasle bat idazlan bat idazten aritu ordez Internet erabiltzen harrapatzen duenean “ez ezazu lan gehiegi egin!” esaten dionean. Beste umore motak ez bezala, sarkasmoa mespretxuzkoa izan ohi da gizabanakoaren ongizatearekin eta pertsonen arteko erlazioekin, nahiz eta hartzailea ere konturatzen den umorearen erregistrotik ari zaizkiola. Zentzu horretan, gatazka interpertsonalaren sentimenduak areagotzen ditu sarkasmoak. 

Bestalde, portaera eta harreman sozio-afektiboen mailako ondorioak ez ezik, ikerketa horretan sarkasmoak garapen kognitiboan ere eragina duela ikusi zuten. Horrela, sarkasmoak sormen-maila handitzen duela ikusi zuten ikertzaile horiek. Zehazki, ikerketako parte-hartzaileak zintzotasuna edo sarkasmoa jasotzeko edo adierazteko egoeretan jarri zituzten, eta ondoren haien sormena, gatazkaren hautematea eta aldartea neurtu zituzten. Elkarrizketa zintzoak izan zituzten parte-hartzaileekin alderatuz, eta bai hartzaile bai jazarle gisa sarkasmoa bizi izan zuten parte-hartzaileengan maila altuagoan antzeman zuten pentsamendu sortzailea; emaitza horiek pentsamendu abstraktua sortu izanarekin lotu zituzten. Gainera, sarkasmoak pertsona-arteko gatazka areagotzen bazuen ere, ez zuen egoera emozionalean eragiten, eta, horrez gain, modu sortzailean pentsatzea eragin zuen parte-hartzaileengan. 

Beraz, badirudi sarkasmoa bi alde dituen txanpona dela, nahiz eta gatazka sortu, sormena katalizatzen laguntzen duelako. Oscar Wilde idazleak zioen bezala, sarkasmoa gizatasunaren eta umorearen formarik baxuena izan daiteke, baina, era berean, adimen modu gorenetarikoa ere bada. Gure pertsona-arteko harremanetan, bereziki, lan-giroan eraikitzen eta garatzen ditugun erlazioetan, aintzat hartu beharreko kontua da hori, izan ere, sormenak izugarrizko garrantzia dauka egoerei eta sortzen diren arazoei aurre egiteko hautematen ditugun aukerak areagotzeko orduan.

Egilea: Alaitz Aizpurua

PHOTO-2019-03-31-22-44-21