Oso larria eta kezkagarria da, hainbat txostenek eta ikerketak adierazten duten moduan, hiru neskatatik batek bere harremanetan tratu txarrak jaso izana. Egoera honi aurre egiteko egin behar denari buruz programa ugari daude. Laburbilduz, programa horien gehienen helburua gizon eta mutilen artean jarrera berdintsuak eta ez-biolentoak sustatzea izaten da. Baina Bigarren Hezkuntzan nerabeekin martxan jarri diren prebentzio-programa horien ebaluazio gutxi daude, programa horien ostean nerabeek nola jokatzen duten jakiteko. Haien jarrerak aldatuko dira? Lekukoak pasiboak izango ote dira genero-indarkeriaren aurrean ala biktimari laguntzeko prest azalduko dira?

Millerek, beste ikertzaile batzuekin batera, Coaching Boys Into Men (CBIM) programa urte batez aplikatu ondoren ebaluatu egin zuen. Programa horretan, kirol-entrenatzaileek prestakuntza jasotzen dute euren atletekin hitz egiteko emakumeek eta neskek jasaten duten biolentziari buruz eta horri amaiera jartzeko. Entrenatzaile bakoitzak, kirol-denboraldian, txartel-gida batzuen bidez astean zehar 15 minutuko eztabaidak erabili zituen. Txartel horietan ondoko gaiak azaltzen ziren: errespetua; biolentzia ez erabiltzea; edo, haien lagunen artean jarrera biolentoak bazeuden, horiek etetea.

Esan eta egin, programa hiru hilabetez aplikatu ondoren, atleten jokabidean hobekuntza ikusi zen, batez ere egoera biolentoak identifikatzean, egoera horietan parte ez hartzean eta horiek ekiditeko asmoan. Bestalde, sexu-jazarpen kasu gutxiago egotea lortu zen, baita indarkeria erabiltzen zuena ez babestea ere, kidea izan arren.

Urte bat pasatu ondoren, programaren emaitza batzuk mantendu ziren, hala nola sexu-jazarpenaren maila eta lekuko negatiboaren parte-hartzearen maila jaistea. Aitzitik, jarrera biolentoak identifikatzearen eta egoera biolento baten aurrean  parte-hartze aktiboaren (lekuko positiboa) mailaren emaitzak jaitsi egin ziren. Programan parte hartu zuten atletek beren kideen edo entrenatzailearen errefortzua ez izatean, ikasitako jokabidea beste testuinguru batzuetan mantentzeko aukera gutxiago omen zegoen. 

Argi dago lekuko negatiboa (indarkeria erabiltzen duena babestea) ez bihurtzeko ezinbestekoa dela erreferente positiboak izatea (kasu honetan, entrenatzailea eta taldekideak) eta denboran zehar jarrera positiboetarako errefortzua mantentzea, horrek beste testuinguru batzuetane jarrera bera izateko aukerak areagotu ditzakeelako. Beraz, programa mota horiek emakumeek eta neskek jasaten duten indarkeriari eta jarrera biolentoei aurre egiteko egokiak izan daitezke. Kirol-denboraldian zehar oso garrantzitsua da genero-indarkeriaren aurkako mezuak bidaltzea, epe luzera lekukoen esku-hartze positiboa lortzeko eta jokabide negatiboak desagerrarazteko.

Egilea: Garazi Alvarez

garazi alvarez