Zenbat aldiz entzun dugu ikasle bati buruz denbora gehiago behar duela? Edo oraindik ez dela bere mementoa zerbait ikasteko, edo ez dagoela prest? Horrelako ideien aurrean ez legoke gaizki geure buruari galdetzea ea zertan oinarritzen diren.

Garapenari buruzko ikerketak aurkikuntza berri ugari egin ditu azken urteetan, eta orain badakigu umeek uste baino gehiago eta uste baino askoz lehenago ikasten dutela. Ikasteko eskaintzen diren aukerak dira ikaskuntzaren gakoa. Neurozientziaren arloan egin dituzten aurkikuntzek ere hori iradokitzen dute. Washington-eko Unibertsitateko Patricia K. Kuhl-ek hainbat urtez egin dituen ikerketetan, adibidez, garbi gelditu da umeei eskaintzen zaizkien interakzioen aberastasunak baldintzatzen duela gehien ume horiek zenbateraino ikasten dituzten hizkuntzak.

Ume batek hizkuntza batean erabiltzen diren soinuak ikasten dituenean, esate baterako, gizakiok berez daukagun gaitasun estatistikoa jartzen du martxan. Munduan dauzkagun hizkuntzetan 600 kontsonante eta 200 bokal inguru dauzkagu. Umea hasieran guztiak identifikatzeko gai da, baina ahal bezain azkar bere hizkuntzakoak edo hizkuntzetakoak identifikatzea eta lehenestea komeni zaio, horri esker hobeto ikasiko baitu/baititu bere hizkuntza/hizkuntzak. Fonemen diskriminazio-lan hori egiteko, umeak txiki-txikitatik bere gaitasun estatistikoa erabiliko du: zer soinu entzuten ditut gehien? 

Baina gizakiok berezko dugun gaitasun estatistikoa ez da nahikoa fonemen diskriminazioa eraginkortasunez egiteko. Hizkuntza erabiltzen duten interakzio sozialak ezinbestekoak dira, hizkuntzak ikastea, funtsean, interakzio sozialetan hobeto moldatzeko tresna bat garatzea baita. Ondorioz, umeak bizi dituen esperientzien izaerak erabat baldintzatzen du hizkuntza-ikaskuntzaren garapena.

Ez du edozein interakzio motak balio. Pertsonekin izaten dituztenek funtzionatzen dute ondoen, ez ikus-entzunezko gailuekin dituztenek, batik bat umeak txikiak direnean. Horrez gain, hizkuntza erabiltzea sustatzen duten egoera konplexuak aberasgarriagoak dira. Hau da, umeei eskaintzen dieguna erabakigarria da. Beraz, gure esku-hartzea funtsezkoa da. Gakoa ez da zain egotea, umea noiz loratuko. Gakoa umea loratzea ahalbidetuko duten esku-hartze eraginkorrak praktikara eramatea da. Eta horren guztiaren abiapuntua interakzio sozial aberatsak dira. Vygotskyk aspaldi esan zuen.

Egilea: Harkaitz Zubiri

Harkaitz Zubiri