Gaur egun, gizartea gero eta dialogikoagoa bihurtzen ari denez, hizkuntza eta giza-elkarrekintzek gero eta garrantzi handiagoa daukate eguneroko bizitzan. Beraz, umeek maila akademikoan eta sozialean arrakasta izateko komunikazio-gaitasun maila altua behar dute. Hala ere, ikasle askok ez dute gaitasun hau garatzeko aukerarik izaten, eta horrek ate asko itxi diezazkieke. Eskolak komunikazio-gaitasuna garatzeko aukerak eman beharko lituzke, guztion arrakasta bilatuz.

Ikasteko giro dialogikoek, Tertulia Dialogiko Literarioek adibidez (TLD),  ikasle guztiek arrakasta akademiko eta pertsonala izateko aukera ematen dute. Developing School-relevant Language and Literacy Skills through Dialogic Literary Gatherings artikuluan estrategia horrekin hizkuntza akademikoa eta irakurketa-idazketa nola garatzen diren aztertu da.

Horretarako, 19 ikaslek osatutako taldeak egindako bi TLD saio aztertu ziren. Ikasgela hori Espainiako, Marokoko eta Ekuatoreko ikasleek osatzen zuten. Aztertutako saioetan, gazteleraz moldatutako Homeroren “Iliada”-ren bertsio bat irakurri zuten.

Emaitzen artean ikusi zen klasiko unibertsalak irakurtzeko eta horri buruz taldean hausnartzeko aukera izateak haien ideiak konektatzeko, antolatzeko eta azaltzeko aukera ematen diela, testuari eta ikaskideen arteko elkarrekintzei esker.

TLD-etako ikasleak argudioak eraikitzen ohituta daude, eta askotan ez daude testuarekin edo pertsonaien jarrerekin ados. Gustatzen ez zaizkien balore etikoak agertzen direnean, horiekin desadostasuna adierazten dute.

Gainera, ekarpenak eraikitzeko, argudioak erabiltzen dituzte. Izan ere, TLDetako printzipioetako bat berdintasunezko elkarrizketa denez, ikasleek badakite euren iritziei pisua emateko argudioak behar dituztela.

Beste alde batetik, ikasleak kideen iritziak komentatzen ohituta daude, eta irakurtzen ari direnari buruzko erreferentziak egin ohi dituzte. Beraz, “paragrafo honetan, Ulisesek…” edo “aurreko paragrafoetan…” bezalako esaldiak asko entzuten dira tertulietan.

Elkarrekintza batzuetan, diskurtsoa ordenatzeko elementuak ikusi ziren; argudio-zerrenda bat egiterakoan, adibidez, ideiak estrukturatzeko ohitura dute, hala nola: “alde batetik…”, “beste aldetik…”.

Azkenik, gramatikarekin lotutako gaitasunak identifikatu ziren, ohikoenak lokailuak izanik.

Zorionez, TLDak zenbait ikaslek izan ditzaketen oztopoak apurtzen ari dira. Testuinguru, adin, kultura eta jatorri ezberdinetako umeek kalitate handiko elkarrekintzetaz gozatzeko aukera dute, literatura klasikoko testuetaz baliatuz. Testu hauek ezagutzeak ez du bakarrik eskola-arrakasta ahalbidetzen, arrakasta profesionala eta soziala ere bai.

Ikerketak jada erakutsi duen moduan, hizkuntza akademikoa garatzeko, garrantzitsua da ikasleek erronka kognitiboa  ekar dezaketen testuak ezagutzea. TLDetan lantzen diren literaturako testu klasikoetan dagoen hizkuntza-maila eta gaiak horretarako aukera ematen dute.

Egilea: Ane Lopez de Aguileta 

IMG-4251