Iraultzarako prest?

Duela hiruzpalau urte hasi ginen Oñatiko Elkar Hezi ikastetxean tertulia dialogikoen dinamika lantzen, tertulia  literarioak eta kurrikularrak, hain zuzen ere. Horiei esker, Mary Shelly, Charlote Brontte, Jack London edo Edgar Allan Poe moduko  sortzaileak gure bizitzan txertatu dira. Idazle klasiko horiek elkarrizketan, hausnarketan eta elkartasunean oinarritzen den heziketa-sistema berri baten bidelagun bihurtu dira.

Solasaldi mota horren onurak nabariak dira: tertulietan, gure ulermena garatzeaz gain, berdinen arteko elkarrizketaren bidez, argudioen eta elkartasunaren garrantziaz jabetzen gara. Ez dago hierarkiarik, ezta aurreiritzirik ere, guztion ekarpenak aintzat hartzen dira, guztiengandik zerbait ikasten dugu eta ikasitakoa bizitzaren beste esparru guztietan aplika dezakegu. Horrela, modu apalean baina eraginkorrean eraldaketaren hazia ereiten dugu. Tertuliak ahalduntzen gaitu, eraldaketa demokratikorako behar ditugun gaitasunak eskaintzen dizkigulako.

Maiatzaren 11n,  Bilbon egindako tertulia dialogikoen VIII. kongresuan beste eskola batzuetako ikasleekin batera gure esperientzia azaltzeko aukera izan genuen. Horrela, tertulia literarioetan, kurrikularretan eta belaunaldiartekoetan izandako esperientzia azaldu genien bertaratu zirenei, eta gure kontakizuna hirukoitza izan zen. Guretzat oso esperientzia aberasgarria  izan da, izan ere, hainbat urtetan egin dugun lanari eta horrek ekarri dizkigun onurei buruz hitz egiteko aukera paregabea eman digu.

Hasieran, urduri xamar geunden, aretoa gainezka zegoen eta ez gaude ohituta  halako jendetzaren aurrean hitz egiten. Baina hasierako urduritasuna gainditu genuen, eta gure esperientzia kontatzeari ekin genion. 10 minutu gure esperientzia kontatzeko, 10 minutu eraldaketa posible dela azaltzeko, 10 minutu berdintasunaren eta elkarlanaren aldeko apustu irmoa egiteko. Bukaeran, txaloak, jendearen elkartasuna, zorionak eta elkarlanerako proposamenak jaso genituen. Helduz eta irakaslez inguratuta, berdinen arteko elkarrizketa inoiz baino biziago sentitu genuen. 10 minutu besterik ez genuen behar izan gure amets pertsonala amets kolektibo bihurtzeko.

Kongresuan askotariko gaiak jorratu ziren: ebidentzia zientifikoen beharra, beste talde batzuek euren esperientziak partekatu zituzten, tertulia musikalak ere tartetxoa izan zuen. Arratsaldean, “Romeo eta Julieta”ren tertulia literarioaren txanda izan zen. 25 ezezagun elkarri begira, baina elkartasun kode berdinaren jabe, komunitate baten partaide ginenez, hasierako lotsa berehala uxatu genuen, eta ondoren, betiko moduan, magia piztu zen. “Romeo eta Julieta”ren eskutik gai ugari landu genituen, izan ere, besteak beste, amodioaz, etorkinen egoeraz, heriotzaz, maitasunaz, jazarpenaz eta gaizki ulertutako adiskidetasunaz hitz egiteko aukera izan genuen gure tertulian.

Beraz, oso esperientzia interesgarria, aberatsa izan da, talde, komunitate baten partaideak garela berresteko balio izan diguna. Gure aurkezpenaren bukaeran, iraultzarako gonbita egin genuen. Baina genero-berdintasunean eta balore demokratikoetan oinarritzen den iraultza hori ez da etorriko teknologia berrien eskutik, ezta gutxiagorik ere!!! Mark Twainek zioen bezala, klasikoak etxe askotako apaletan hautsa batzen ari diren liburuak dira, beti beste momentu baterako uzten ditugun irakurgaiak. Horregatik, benetako iraultza, aurrerapen teknologikoetatik baino, klasiko horien irakurketa eta ondorengo tertulietatik helduko zaigu. Eta hori da, hain zuzen ere, eraldatze-prozesuaren lehen urratsa, gelako, liburutegiko apalean ahaztuta duzun klasiko hori berreskuratzea, irakurtzea eta gertuen duzuenekin komentatzea, eredu dialogikoaren metodologiari jarraituz. Iraultzarako prest?

Egileak: Naiara Apaolaza Igartua eta Maddi Arlanzón Machado  

elkar Hezi

Be the first to comment on "Iraultzarako prest?"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*