Friedrich Alexander Universitäit-ek (FAU), matematikariari katedra emango dion unibertsitateak, hauxe adierazi du: “Enrique Zuazua munduko liderra da matematika aplikatuetan, eta interes berezia du ekuazio diferentzial partzialetan, kontrol-teorian eta analisi numerikoan.”

Alexander Von Humboldt katedra Alemanian ikerketa-arloan dagoen saririk garrantzitsuena da, eta nazioartean lanean diharduten ospe handiko ikertzaileak erakartzen ditu bertara. 2008. urtean sortu zen katedra horrek urtero 10 ikertzaile erakartzen du Alemaniara. Ikertzaileok bertako unibertsitate batek, ikerketa-munduak eta politikariek osatutako epaimahai batek proposatzen ditu. Horrela, 130 herrialdetatik etorritako 23.000 ikerlarik ikerketa-sare bat osatzen dute, eta horien artean 41 Nobel saridun daude.

Zuazuak, bere ohiko lanari jarraipena emateaz gain, lortutako katedran matematika-eredu berriak landu ditu, konputagailu modernoen laguntzarekin simulazio hobeak egitea lortzeko, eta, horrela, naturaren dinamika sofistikatua ulergarriago bihur daiteke.

Egun, Jakiunde-Euskadiko Zientzia, Arte eta Letren Akademiako jakitun osoa da, Deustuko Unibertsitatean Deusto Teach guneko katedra konputazionaleko zuzendaria, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan estrategia matematiko aplikatuan katedraduna eta Madrilgo IMDEA-Matemáticas Institutuaren zuzendaria. Zientzia hedatzeko etengabeko lana egiten ari da euskal hedabideetan, eta matematika ia existentzia-arlo guztietan aplikatzen saiatzen ari da.

Parisen eta Madrilen aritu eta gero, 2006an Euskadiko Zientzia eta Teknologia Saria eman zioten, Ikerbasque euskal zientziarako fundazioa sortu zenean. 2007ko “Julio Rey Pastor” Sari Nazionala jaso zuen, matematikaren eta informazio-teknologiaren eta komunikazioen ikerketan ematen den saririk garrantzitsuenetarikoa. 2008an Euskal Herrira itzultzeko ametsa bete zuen, eta BCAM/Basque Center for Applied Mathematics gunea antolatu zuen. Matematika mugaz bestalde zen BCAMren euskarazko leloa, Bernardo Atxagaren 37 galdera mugaz bestalde dudan kontakto bakarrari poematik hartua. Berehala izan zuen sekulako arrakasta mundu-mailan, eta Bilbo goi-mailan kokatu zuen matematikaren nazioarteko mapan.

2001ean, Unibertsitate Autonomora joan zen irakasle, eta 2016an, Deustuko Unibertsitateko DeustoTech zentrora itzuli zen lanera, Europako Ikerketa Batzordeak (ERC) DYCON kontrol dinamikorako egitasmoari eman zion diru laguntzarekin. Zuazuak Unibertsitate Autonomoarekin eta Deustuko Unibertsitatearekin duen lotura mantentzea espero du.

Orain, zientzia-arloko katedra horrekin 3,5 milioi euro jaso ditu matematika aplikatuen alorrean bost urtez ikerketa egiteko. FAU unibertsitatea dagoen inguruko goi-mailako teknologian aritzen diren zentroei eta industria-beharrei erantzuna emateaz gain, BCAMn izandako esperientzian oinarrituta, Datuen Zientzia zentro berria garatzeko aukera izatea espero du.